Kezkaz bizi dute ontzioletako langileek Europako Batasunak hartutako erabakiak sektorean izango duen eragina. Euskal Herriko 14.000 langileri eragin diezaieke Bruselaren erabakiak, eta protesta ugari egin dituzte azken asteetan lanpostuei eta sektoreari berari eutsi ahal izateko.
Sestaoko Naval ontziolak "borrokan jarraitu" egingo duela eta "atzerapausorik" emango ez dutela iragarri du langile batzordeak, nahiz eta soilik inbertitzaileek ordaindu beharko dituzten laguntza horiek. Europako Batzordea eta Espainiako Gobernua egin dute langileek egoeraren erantzule. Izan ere, azaldu dutenez, Madrili dagokio "segurtasuna" ematea inbertitzaileei, "ontziolen etorkizuna bermatzeko".
Navaleko eta Zamakonako ontzioletako langileek elkarretaratze "jendetsu" bat egingo dute bihar Sestaon, Kasko plazan. 20:00etan egingo dute mobilizazioa, eta "ezkerraldeko udal guztien eta ontziolen sektorearen etorkizuna defendatu nahi duten herritar ororen babesa" izatea espero dute.
Iragan asteko ostegunean egin zuten manifestazio bat langileek, Sestaotik Santurtziraino. Milaka lagunek parte hartu zuten. Erabakiak "hiltzorian" utz dezake sektorea, langileek ohartarazi zutenez.
Halaber, itxialdiak egin dituzte Naval ontziolan, Sestaon. Atzo arratsaldeko zortzietatik gaur eguerdiko ordu biak arte izango dira protestan lantokian bertan.
Sestaoko Udaleko Bozeramaileen Batzordea
Almuniak "lanpostuak babestu beharrean, langabezia eta ekonomiaren beheraldia" ekarriko duen erabakia hartu izana deitoratu du Sestaoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. Adierazpen bat onartu dute Udaleko talde guztiek aho batez, euren "babes guztia eta elkartasuna" helarazteko Navaleko langileei batetik, eta Gipuzkoa eta Bizkaiko gainontzeko ontzioletako langileei.
Europako Batzordeak herritarren deiadarrari jaramonik egin ez izana deitoratu du bozeramaileen batzordeak. "Erabakiak ondorio sozial larriak" izan ditzakeela adierazi dute sinatzaileek, eta ehundaka lanpostu galtzeko arriskuari beldurra diotela aitortu, are gehiago krisia euren eskualdea "astintzen" ari den honetan.
Erabakiaren aurka protesta egiteko, elkarretaratzea deitu du Sestaoko Udalak biharko, eta Sestaoko, Ezkerraldeko eta Bizkaiko herritarrak deitu ditu bertan parte hartzera.
Confebask
Europako Batzordearen erabakiak "inbertitzen eta arriskatzen duenari" kalte egiten diola kritikatu du Confebaskeko Zerga Departamentuko arduradun Eduardo Aretxagak, eta gaineratu du neurriak "arriskuan" jarri duela ontziolen sektorea.
"Erabakiaren mamia da larria; alegia, segurtasun juridikoak eta legegileekiko konfiantzak ez duela ezertarako balio", adierazi du. Azaldu duenez, erabakiak agerian utzi du "legea betetzen duenak" ez duela "segurtasun juridikorik Europan".
Erabakia ez dela "bidezkoa" uste du: "Ez dakit zein aukera dagoen orain, pentsatzen dut bide judizialak aztertuko direla".
Ontzioletako langileei babesa adierazi die Bizkaiko Foru Aldundiak
"Almunia komisarioak babestutako" erabakiaren aurrean, babesa adierazi die Bizkaiko Foru Aldundiak herrialde horretako ontzioletako langileei. Ohar baten bidez, diputazioak esan du Bruselaren erabakiak "oso egoera larrian" uzten dituela ontziolak, eta jakinarazi du Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ariko dela "sektorearen bideragarritasuna ahalbidetuko duten tresnen bila".
Bizkaiko Foru Aldundiak kritikatu du Almuniak "entzungor" egin diela Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek emandako azalpenei.