«Biharko herri aske eta gorria» nahi dutenen botoa eskatu du EH Bilduk

EHUn egin du ekitaldia koalizioak, eta bestelako etorkizun baten alde eskatu du botoa Andoni Rojok, gazteen izenean

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Leioa
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
«Biharko Euskal Herri aske eta gorria amesten dugunon oinarria hemen dago». Horrela hasi du hitzaldia Andoni Rojo EH Bilduko hautagai eta gazte mugimenduko kideak unibertsitatean, EHUren Leioako campusean, Laura Mintegi lehendakarigaia bertan duela. «EAJ, PSE-EE eta PPk ezarria duten ereduak» gazteak etorkizunik gabe uzten dituela adierazi du. «Ondo dakigu hori gazteok».

Eredua «sustraitik» aldatzeko beharra defendatu du hargatik, eta adierazi du horretarako bidea EH Bildu dela. Bestelako gizarte eredua nahi du Rojok: «Euskal Herri solidario eta justuagoa», justizia sozialean oinarritua egongo dena eta gazteen beharrak aintzat hartuko dituena. Hartarako, «gure eredua aukeratzeko», burujabetza «ezinbestekoa» dela adierazi du, eta bide hori EH Bilduk adierazten duen «olatu geldiezinean» egiten laguntzeko eskatu du.

Independentzia aldarrikatu du Mintegik ere, «bestela ezin ditugulako erabakiak hartu», eta berak Madrildik ezartzen diren politiken oso bestelakoak gauzatu nahi dituelako. Zer-nolako eredua nahi duen azaldu du: «Pertsonen beharrizanei eta ongizateari begirako politika egin nahi dugu, ez interes ekonomikoen araberakoa». Gazteen langabeziak eta hezkuntzak bereziki kezkatua dutela azaldu du, eta ezkerreko politika egingo duela agindu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.