Euskal presoak

Biharko manifestazioan parte hartzera deitu dute, «Gobernua mugiarazteko»

Gernikako Akordioaren sinatzaileen arabera, euskal herritarrak izan dira prozesuaren «motorra»

Bilbo
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Kaleratze data irmoa duten presoen kasuan salbu, Parot doktrinaren ezarpena legezkotzat jo zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, joan den martxoaren 28an. Bada, Gernikako Akordioaren irudiko, Espainiako Estatuak erabaki horren bitartez adierazi du «gatazka konpontzeko borondaterik ez duela». Hala, «blokeo egoerari eusteko» eta «abagune historikoa zapuzteko» nahia egotzi diote.

Hori dela eta, larunbaterako Bizkaiko hiriburuan deitu duten manifestazioan parte hartzearen «garrantzia» nabarmendu dute. 17:30ean abiatuko da martxa, Casilla plazatik, Salbuespeneko neurriak indargabetu. Konponbide garaia da lelopean. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak hartutako deliberoari «erantzun sendo eta zabala» ematea ezinbestekoa da,akordioaren sinatzaileen iritzian, Parot doktrinari oniritzia ematea «bizi guztiko zigorra babestea baita».

Gernikako Akordioaren arabera, Espainiako Estatuak «etsipena eta frustrazioa» sortu nahi ditu euskal herritarrengan. Euskal gizarteak, baina, «bake eta konponbide nahia» duela adierazi du Gernikako Akordioak, eta salatu du horren kontrako «eraso gogorra» dela Konstituzionalaren erabakia.

Hala ere, «konponbide demokratikoaren alde» agertu dira, beste behin, akordioaren parte diren eragileak: «Euskal gizartearekiko konpromisoa hartu genuen prozesu hau bururaino elkarrekin eramateko, eta gaur berretsi nahi dugu», adierazi dute.

Gatazka politikoa amaitzeko orduan irabazleak eta galtzaileak egoteko beharra azpimarratzen duten gogoeten inguruan, «euskal gizarte osoa irabazle bilakatuko duen prozesuaren aldeko konpromisoa» adierazi dute.

Euskal gizartea konponbide prozesuaren «protagonista» izatea nahi du Gernikako Akordioak. Horrez gain, mobilizazioak «prozesuaren motorra» izan behar duela azaldu dute, Espainiako Estatuak eta PPren gobernuak «jarriko dituzten oztopo eta traben gainetik».

Horrenbestez, eta «bizi guztiko zigorra legeztatzen duten eta mendekuan oinarritzen diren erabaki politikoen aurka», Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Mobilizazioa «jendetsua» izatea aurreikusi du Gernikako Akordioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.