Bildu koalizioak eta ezker abertzaleak bihar Bilbora joateko deia egin diete herritarrei. Independentistak sareak martxa berdea antolatu du Hispanitatearen Egunaren karietara, Espainia: inposaketa eta hondamena. Independentzia! lelopean, eta Jesusen Bihotzetik abiatuko da 17:00etan.
Independentziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritar guztiei manifestaziora joateko deia egin die Bilduk. Izan ere, koalizioa deitzaileekin ados dago independentziaren aldarrikapena ez dela aldarrikapen politiko soila : «Arlo sozioekonomikoko aldarrikapena ere bada, batik bat, krisi ekonomikoaren egoera honetan».
Normalizazio politikoa beharrezkoa dela dio Bilduk, independentistek ere beraiek proiektu politikoa baldintza berdintasunean defendatu dezaten.
Ezker abertzaleak ere bat egin du protestarako deiarekin. Euskal Herriak «hitza eta erabakia» beharrezkoak dituela azpimarratu du. Ezker abertzaleak uste du egoera hori gertatuko balitz gehiengoak independentziaren alde egingo lukeela, hainbat arrazoirengatik: «Herri gisa geroa ziurtatu ahal dezakeen proiektua delako; gure erabaki propioak hartzeko gaitasunik ez dugun neurrian eta Espainiako Estatuari kateaturik jarraituz gero sistemaren sakoneko krisiak oso kinka larrian jar dezakeelako gure herriaren ongizatea eta honi aurre egiteko modua delako. Azkenik, gure hizkuntza eta kultura munduaren aurrean desagertuen artetik atera eta nortasun eta presentzia propioz garatzeko garantia delako».
Independentistak sareak jakinarazi duenez, biharko martxa ez da izango ohiko manifestazioa. Ekimen «alai eta parte hartzailea» izango dela esan dute. Besteak beste, Plaza Eliptikoan martxa geratu, eta burrunba egingo dute, Espainiako gobernu delegazioaren aurrean. Berdez jantzita joateaz gain, burrunba sortzeko tresnak eramateko deia egin diete herritarrei.
Martxaren amaieran kontzertua egongo da Arriagan.
Biharko martxa berdearekin bat egin dute Bilduk eta ezker abertzaleak
Martxara burrunba egiteko tresnak eramateko eskatu du Independentistak sareak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu