Agintarien babesean egin zuten atzoko aurkezpena. Beste hainbatean artean, han ziren Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaa, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao, Arabako ahaldun nagusi Xabier Agirre, Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Alberto Catalan eta Iruñeko alkate Yolanda Barcina.
Espainiako Gobernuak antolatu du sariketa, eta 22 proiektuk egin dute aurrera; tartean, bost euskal unibertsitaterenek. Elkarlanean egindako proiektuak dira guztiak. Bestela ezin, hori baita Nazioarteko Bikaintasun Campus izendapenaren xedeetako bat: unibertsitateek gaitasuna izatea proiektuak elkarlanean egiteko. EHUk, MUk eta Nafarroako Unibertsitateak -Opusenak- unibertsitate bakar gisa aurkeztu dituzte proiektuak; Deustuko Unibertsitateak eta NUPek, ostera, beste unibertsitate batzuen altzoan. Galbahe bera pasatu behar dute orain guztiek, nazioarteko bederatzi aditurena. Haiek erabakiko dute nork merezi duen saria. Ez da makala izango: 75 milioi euroko diru laguntza.
Finantzaketaren garrantzia nabarmendu du Iñaki Goirizelaiak, EHUko errektoreak, Madrilen aurkezpena egin ondoren B
Goirizelaiak esan du sinesgarri izatea dela gakoa: «Maiz, gauzak esaten dira datuetan oinarritu gabe». Hala, epaimahaiak egungo egoera ere hartuko du aintzat: nola dagoen unibertsitatea gaur egun eta zein asmo dituen 2015erako. Hori dena atalka: ikerketan, irakaskuntzan, inbertsioetan, iraunkortasunean eta beste.
Lehenago ere koskak gaindituta heldu dira azkenera bost unibertsitateak. EHUk, adibidez, bigarren fasea hirugarren postuan gainditu zuen, eta 650.000 euroko laguntza jaso. Orduan sailkatu ziren NUP, MU eta NU ere. Deustuko Unibertsitateak, ostera, zuzenean egin du azken fasera, iaz beste izendapen bat lortu zuelako.
Hamar minutu eskasean defendatu behar izan zuten proiektua errektoreek atzo. Entzuleen artean, laguntzak emango dituzte ministroetako bi: Angel Gabilondo Hezkuntzakoa eta Cristina Garmendia Zientziakoa. Ikertzeaz eta hori zabaltzeaz aritu ziren biak: «Ezagutza izaten da sortzen dutenena eta hori transmititzen badakitenena. Unibertsitatea prest dago horretarako», uste du Gabilondok. Hautagaitzen aurkezpenak entzunda, atzo bertan bilduko ziren epaimahaiko kideak eta Espainiako Hezkuntza ministroa.
Emaitza bihar jasoko dute bost unibertsitateek. Goirizelaiak dio garrantzizkoa dela izendapena, baina ez lortzea ez du porrotarekin lotu: «Guretzat, hau aitortza administratibo bat da. Euskal Herrirako ezinbesteko proiektua dela uste dugu, eta ez du atzera bueltarik, nahiz aitortza administratibo hori ez lortu».
Hautagaitzak
CAMPUS BIKAITASUNAEHU. Euskampus egitasmoa da Euskal Herriko Unibertsitatearena. Tecnalia korporazioa eta Donostia International Physics Center ditu bazkide. Hiru alor dituzte jomugan: ekosistema iraunkorrak eta ingurumen teknologiak, prozesu berritzaileak eta material berriak, eta zahartzea eta bizi-kalitatea. Elkarlana nahi dute Bordeleko Unibertsitatearekin (Frantzia).
Deustuko Unibertsitatea. Comillas (Madril) eta Ramon Llull (Herrialde Katalanak) unibertsitateak dira Deustukoaren bazkideak Campus Bikaintasunerako hautagaitzan. Nazioartekotzea, espezializazioa eta indarrak batzea dituzte erronka.
Mondragon Unibertsitatea. Eskualdatzearen unibertsitatea hartu du goiburu Mondragon Unibertsitateak. Korporazioa osatzen duten taldeak ditu indargune nagusietakoak.
NUP. Beste hiru unibertsitate ditu bazkide NUPek: Errioxakoa (Espainia), Zaragozakoa (Espainia) eta Lleidakoa (Herrialde Katalanak). Campus Iberus du izena hautagaitzak, eta hiru ardatz: bizitzeko teknologia, agroelikadura eta elikadura, eta memoria, ondarea eta identitatea.
Nafarroako Unibertsitatea. Ikerketan jarri du indarra Opusen unibertsitateak. Ikertzaile gehiago kontratatzea eta irakaskuntza hobetzea ditu xede.