Bikote homosexualei adopzioa ukatzea ez da diskriminazioa Estrasburgorentzat

Auzitegiaren ustez, Frantziak ez du legerik hautsi sexu bereko bikote bati haurra adoptatzea ukatuta

Erredakzioa
Baiona
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arabera, Frantziak bikote homosexual bati haur bat adoptatzea ukatu izana «ez da diskriminazioa», eta erabaki hori ez doa Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren kontra. Frantziako Clamart herriko bikote homosexual batek Estrasburgoko Auzitegira jo du Frantziaren jokaera salatzeko. Izan ere, bietako batek intseminazio artifizialaren bidez izandako haurra adoptatzeko eskaera ukatu zion beste bikotekideari Frantziako administrazioak. Estrasburgoko Auzitegiak atzo eman zuen ebazpenaren berri: «Bikotearekin ez dute desberdin jokatu haien sexu joeragatik». Ebazpenean diotenez, izatezko bikote heterosexualei ere ez zaie adopziorako aukerarik ematen Frantzian.

Auzitegiak azaldu du salaketa jarri duten bi emakumeak ezkonduta ez daudenez ezin dutela partekatu guraso ardura. Estrasburgoren esanetan, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren partaide diren herrialdeak «ez daude behartuta» ezkontza bikote homosexualetara zabaltzera.

Frantzian, esate baterako, sexu bereko bi pertsonak ez dute ezkontzeko eskubiderik. Iazko ekainean, bikote homosexualen ezkontzak arautzeko alderdi sozialistak aurkezturiko proposamen bat eztabaidatu zuten Frantziako Senatuan; eta atzera bota zuten eskaera, UMPko eta Zentro Berriko diputatuen aurkako botoekin.

Egun, sexu bereko pertsonen arteko hainbat hitzarmen onartzen ditu Frantziak. Gay eta lesbianen elkarteen esanetan, hala ere, hitzarmen horiek ez dituzte bermatzen oinarrizko eskubideak. Salatu dutenez, haurrak dituzten bikote homosexualek zailtasun handiak dituzte eguneroko bizitzan; esate baterako, ezin dira joan eskolako bileretara; eta, bikotekide bat hiltzen denean, besteak ez dauka ziurtatuta haurren zaintza.

Estrasburgon salaketa jarri duen bikotearen abokatuak auzitegiaren erabakia gaitzetsi du ohar baten bidez: «Lege aldetik, haurra babesgabeago dago sexu bereko gurasoak dituelako». Abokatuaren iritzian, «penagarria» da Estrasburgok kontuan ez hartu izana Europako hainbat herrialdetan horrelako egoerek izan duten bilakaera. Egun, adibidez, hamar gobernuk bermatzen diete bikote homosexualei ezkontzeko eskubidea: Espainiak, Herbehereek, Belgikak, Argentinak, Norvegiak, Suediak, Portugalek, Islandiak, Argentinak, Kanadak eta Hegoafrikak. AEBetako zortzi estatutan ere ezkon daitezke sexu bereko bikoteak. Erresuma Batuko Gobernuak, berriz, 2015erako arautu nahi ditu ezkontza horiek; horretarako, plan bat martxan jarri berri du.

Gay eta lesbianen elkarteen arabera, bikote homosexualen ardurapean 300.000 bat haur daude Frantzian. Guraso horiek, ordea,zailtasun handiak dituzte gurasotasuna lortzeko. Izan ere, kode zibilak salbuespeneko egoeretan bakarrik baimentzen du aita eta ama biologikoaz gain norbaiti guraso estatusa ematea. Ez dute argitu 2008az geroztik gurasotasuna onartu dieten bikote guztiei Estrasburgoren ebazpenak nola eragingo dien.

Baionako Auzitegiak bai

Bikote homosexual batek haurrak adoptatzeko egindako eskaera onartu zuen Baionako Auzitegiak iazko urrian. Bikotearen abokatuaren arabera, onarpen hura «oso garrantzitsua» izan zen Frantziako eta Ipar Euskal Herriko bikote homosexualentzat. Izan ere, gurasotasuna salbuespeneko egoerarik egon gabe onartu zien Baionako Auzitegiak. Ebazpenean adierazi zuenez,«haurren onerako» hartu zuen bi emakumeei gurasotasuna emateko erabakia. Onartu egin zuen haurrentzako beharrezkoa den familia ingurunea emango diela bikoteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.