Ertzaintzak 16 urteko mutil bat atxilotu du Sestaon (Bizkaia), neska-lagunari tratu txarrak ematea egotzita. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, biktima ere adingabea da, eta haurdun dago.
Herenegun arratsaldean atzeman zuten. Hainbat herritarrek Ertzaintzara deitu zuten, salatzeko Sestaoko merkataritza gune batetik gertu mutil bat neska bati eraso egiten ari zitzaiola. Ertzainak joan zirenean, ikusi zuten neskak zauriak zituela aurpegian, eta mina zuela sabelean. Erietxera eraman zuten, eta ustezko erasotzailea han bertan atxilotu zuten.
Emazteari eta semeari tratu txarrak ematea leporatuta, berriz, beste gizon bat atzeman zuten atzo goizaldean Gasteizen. Herritar batzuek haur baten negarrak eta andre baten oihuak entzun zituzten. Ertzaintzari abisua eman, eta Ensanche kaleko etxebizitza batera joan ziren. Atea apurtu behar izan zuten sartzeko. Emakumeak eta haurrak zauriak zituzten. Genero-indarkeria delitua egotzi diote atxilotuari.
Bilbon, berriz, emakume bat atxilotu zuten bart goizaldean udaltzainek, prostituta bati eraso egitea egotzita. Lapurreta egitea ere leporatzen diote atzemandako andreari. Atxiloketa 04:00 aldera izan zen, Cortes kalean. Biktimak ertzainei azaldu zienez, atxilotuak 100 euro eskatu zizkion prostituta moduan kalean lan egiteagatik. Ez zikionez eman, atzemandako emakumeak ustez jo egin zuen, eta poltsa lapurtu zion dirua eramateko.
Bikotekideari eraso egitea egotzita, adingabe bat atxilotu dute Sestaon
Ustez emazteari eta semeari eraso egiteagatik beste gizonezko bat atzeman dute Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu