"Beharrezkoa da urrats bat gehiago egitea eta gizarteari historiaren pasarte hori oroitaraztea. Biktima frankisten ondorengo askok faltan botatzen dituzte aitortza eta memoria ekitaldiak", adierazi du PPko parlamentari Carmelo Barriok. Gogorarazi du eurak beti joan izan direla hildako errepublikanoen omenezko ekitaldietara, eta galdetu ea noiz egingo den omenaldi bat biktima frankistak aitortzeko.
Iñigo Urkulluk erantzun dio esanez "biktima guztien aitortza" duela helburu Jaurlaritzak, baina eskatu dio PPri ez ditzala bi bandoak alderatu: "Kolpistek beldurrean oinarritutako estrategia bultzatu zuten". Bide beretik gaineratu du biktima errepublikano askok 80 urte baino gehiago itxaron behar izan dutela aitortuak izateko, eta gaur egun oraindik asko desagertuta jarraitzen dutela. "Demokrazia eta instituzioak zorretan daude pertsona horiekin eta haien familiekin".
Horretaz gain, lehendakariak gogora ekarri du joan den urtarrilaren 3an egindako ekitaldia, non 1937an 224 preso frankistek hilketak oroitu zituzten, eta nabarmendu du orduan lehendakari zen Jose Antonio Agirrek berak ere aitortu zituela hilketa haiek, "ezin da gauza bera esan beste batzuetaz".