Amaiurreko zortzi diputatuek eta bi senatariek ekitaldia egin dute Gernikako Arbolaren alboan, "biktima guztiei atsekaberik sentikorrena adierazteko". Ekitaldian, koalizioak adierazpen bat irakurri du, gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez.
Bertan, biktima guztien aitortza eta "egia osoaren" ezagutza babestu du Amaiurrek, eta oroimenean, errekonozimenduan eta errespetuan oinarrituriko adiskidetzea sustatzeko "borondate osoa" berretsi du.
Amaiurrek esan du ez dela joan Espainiako Diputatuen Kongresuak ETAren biktimak omentzeko antolatutako ekitaldira, "biktima guztiak onartzen ez dituelako".
Alderdiak gogora ekarri ditu Aieteko Adierazpena eta horren hirugarren puntua, zeinetan biktima guztien onarpena, konpentsazioa eta laguntza sustatzeko, eragindako samina onartu eta zauriak osatzen laguntzeko eskaera egiten zaien erakunde, alderdi politiko eta gizarte eragileei.
Koalizioak "konpromiso irmoa" agertu du "bide demokratiko eta baketsuekin", eta berretsi du "errefusatu" egiten dituela "indarkeriaren erabilera eta mehatxuak".