Biktimei bulegoa jarri diete Baionan, polizia etxean

Ugaon eta Donostian bi gizon atxilotu dituzte azken orduetan; genero indarkeriaren delituak leporatu dizkiete biei

Erredakzioa
Baiona
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Baionako polizia etxean biktimentzako bulegoa ireki zuten atzo. Poliziak jakinarazi duenez, zerbitzu iraunkorra bermatuko dute, astelehenetik ostiralera, goizeko bederatzietatik eguerdira. Biktimei laguntza emateko arloan aditua den pertsona batek eginen du lan bertan; epaitegiko zerbitzuekin loturan egonen da.Biktima batek salaketa ezarriko duelarik, langile horrek salaketa entzunen du, eta zer laguntza jaso dezakeen argituko dio.

Genero indarkeriaren aurka diharduten talde feministek aspalditik eskatzen zuten biktimentzako laguntza zerbitzua ezartzeko polizia etxean. Alta, eraso ugari asteburuetan gertatzen dira; biktimek, kasu horietan, astelehenera arte igurikatu beharko dute laguntza jaso aitzin. Izan ere, genero indarkeria pairatu duten emazteek berehalako laguntza behar dutela nabarmentzen dute feministek.

Bi gizonezko, atxilotuak

Hain justu, bi gizonezko atxilotu dituzte azken orduetan, genero indarkeriaren delituak leporatuta. Herenegun goizean, Ugaon (Bizkaia), 42 urteko gizon bat atzeman zuten ertzainek. Salaketa baten berri izan zuten ertzainek, eta bertara joan ziren. Gizonezko bat eta andrazko bat aurkitu zituzten, eztabaidan. Emakumeak poliziei adierazi zien gizonak jo egin zuela, eta sexu erasoa ere egin ziola. Ertzainek frogatu zuten andrearengandik urruntzeko agindu bat zuela gizonak, eta atxilotu egin zuten; epaileak espetxeratzeko agindu zuen.

Beste erasoa Donostian gertatu zen, astelehen gauerdian. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi du salaketa bat jaso ostean joan zela etxera, Intxaurrondo auzora; emakume bat builaka sumatu zutela eta etxerako eskaileretan ile mataza bat eta belarritako bat aurkitu zituztela. Atera deitu arren irekitzen ez zutenez, suhiltzaileei abisu eman zieten. Barrura sartutakoan, gizon bat eta andre bat aurkitu zituzten. Emakumeak azaldu zuen eztabaidan arituak zirela biak, etxea uzten saiatu zela, baina gizonak iletik tira egin eta etxera itzultzera behartu zuela. Atea irekitzen ez uzteko gizona gainean eseri zitzaiola ere salatu zuen. Ertzainek atxilotu egin zuten gizona, 32 urtekoa. Emakumea, berriz, osasun etxe batera eraman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.