Eusko Jaurlaritzako Motibazio Politikodun Biktimen Ponentziak Jaurlaritzako kideak eta motibazio politikoko biktimen elkarteak deitzea erabaki du. Irailaren 14tik aurrera egingo dituzte bilera horiek, elkarteak hala nahi izatekotan. Atzo egindako bileran hartu zuten batzordean parte hartzen duten alderdiek erabaki hori. Ordubete inguru iraun zuen bilerak, eta UPD eta PP ez beste alderdi guztiak joan ziren. Bi alderdi horiek batzordean parte ez hartzea erabaki zuten, batzordea ETAren biktimak eta besteak parekatzeko dela argudiatuta.
Batzordearen aurreneko agerraldi publikoa hilaren 14an egitea erabaki zuten alderdiek atzoko bileran, eta hura Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari Iñez Ibañez de Maezturen eskutik etortzea nahiko lukete. Hala zabaldu du Efe berri agentziak, Justizia Saileko iturriak aipatuta. Egun horretan aurreneko agerraldia eginda, gero etorriko litzateke bileren txanda.
Alderdiek lan egitaraua adostu zuten atzoko bileran. Egitekoetako bat Eusko Legebiltzarrean onartzen diren ekimenak betetzen diren edo ez kontrolatzea izango dute. Alegia, egoerari buruzko txostena osatzen dela ikustea, biktimen zenbaki zehatza identifikatzea eta haiei erreparazioa ematea.
Horretaz gain, EAJk prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, biktima horiei aitorpena egiteko ekitaldiak ere egingo dituzte, bai legebiltzarrak antolatuta eta bai beste instituzio batzuek antolatuta.
Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzari, Unesco Etxeari, Euskadiko Giza Eskubideen Elkartearen Foroari, Argituz-i, Gernika Gogoratuz-i, Bakeaz-i, Bakeolari, Lokarriri, Baketik-i, Bakearen Aldeko Koordinakundeari, Ahaztuak 1936ri, Lau Haizeeta Gogoan-i, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteari eta Amnistia Internationali bilera eskatzea proposatu zuen alderdi jeltzaleak atzoko bileran. Proposamen horiek onartu direlako pozik agertu ziren EAJko kideak, baita EAko Juanjo Agirrezabala ere.
Azken horrek biktima horiek «Estatu Terrorismoaren Biktima» gisa ezagutuak izan daitezen ere eskatu du, eta elkarteez gain zuzenean biktima izan diren pertsonek hitz egitea ere galdegin du. Proposamen horrek baiezko erantzun zuzenik hartu ez duen arren, «atea irekita» utzi dute, eta gauza bera egin dute beste hainbat proposamenekin ere.
Motibazio politikoko biktimak Memoriaren Egunean integratu edo ez ere erabakitzeke dago oraindik, baina atzoko bileretan ez zioten gai horri eutsi. Gainera, Eferi EAko iturriek esan diotenez, talde batzuek ulertu dute erabaki hori hartzea Giza Eskubideen Batzordeari dagokiola eta ponentzia horri.
Biktimen batzordeak elkarteak hartuko ditu irailean
Motibazio Politikodun Biktimen Ponentziaren aurreneko agerraldia udaren bueltan izango da: irailaren 14an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu