Oraindik orain aurkeztu ditu Foro Sozial Iraunkorrak 2018-2019ko aldirako lanean "giltzarri" izango diren gaiak. Aurkezpen hartan iragarri zuten hau izango zela xedeetako bat: "orotariko biolentzien biktimen aitortzan atzeraezinezko pausoak behingoz ematea". Hori buruan, Foro Sozialaren beste jardunaldi batzuk antolatzea erabaki dute, bosgarrenak lanean hasi zirenetik, eta biktimen arloa izango da horien gai nagusia.
Foro Sozial Iraunkorreko Aitzpea Leizaolak eta Juanjo Espinak azaldu dutenez, "hausnarketarako gune bat" ireki nahi dute jardunaldi horietan, eta biktimen arloan jorratu beharreko zenbait gai aztertuko dituzte: egiaren inguruko hausnarketa erreparaziorako, justiziarako eta ez errepikatzeko mekanismo gisa, egia ezagutzeko mekanismoak, egia eta justizia, eta abar.
Beti bezala, Euskal Herriko zein nazioarteko eragile eta aditu ugarik parte hartuko dute Foro Sozial horretan. Laster emango dute horien berri. Bestalde, Foroaren gogoeta eta ondorioak azaroan aurkeztuko dituzte, Gasteizen.