Espainiako eskuinak inoiz ez bezalako kritikak, oihuak eta mespretxuak jasan behar izan ditu biktimengandik, Espainiako hiriburuan, hainbestetan biktimen alde manifestazioak partekatu dituzten lekuan, Colon plazan. Espainiako Gobernuak gobernu gisara han ez egotea erabaki zuen arren, PPko ordezkaritza esanguratsua bidali zuen: besteak beste, Javier Arenas eta Carlos Floriano Genovako goi mailako mandatariak eta haien bizkarzainak larri ibili ziren atzo "traidore" oihuak egiten zituztenen artean, ezin aurrera eginda, Genovatik Colonera bidean. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrina eraistearen aldeko jarrerak sutan jarri ditu Espainiako Gobernua babesten duten herritar asko, "injustizia" hori onartzeak bere kontra jartzeraino.
Arantza Quiroga eta Iñaki Oiarzabal EAEko PPren ordezkari nagusiak ere han izan ziren, larri, kritika horien jomugan, Mari Mar Blanco ETAren hainbat biktimaren ordezkariak babestu bazituen ere. Quirogak eta Oiarzabalek, ordea, "ulertzen" dute atzo gertatutakoa, "injustua" delako Estrasburgoren erabakia, eta "gustatzen ez" zaielako, baina auzitegi batek erabakia ematen duenean "onartu besterik ez" dagoela nabarmendu du Quirogak, "eta ETA betiko garaitu arte lanean jarraitu" behar dela. Bide batez, gogorarazi du EAEko PPk bezainbeste "inork gutxik" sufritu duela ETAren jarduna: "ezein alderdi demokratikok baino gehiago jasan dugu sufrimendua, inork baino kide gehiago lurperatu behar izan ditugu".
Mari Mar Blancok ere EAEko PPren "ausardia" kontuan hartzeko eskatu du manifestazioaren biharamunean, "inork ez bezala lan egin" dutela biktimen alde, eta okasioa baliatu du Mariano Rajoyren gobernuaren alde ateratzeko, esanez, "sinesten" duela gobernuan eta berak egindako ahaleginean, eta "konfiantza" osoa duela hemendik aurrera ere egiten jarraituko duen lanean, besteak beste, Espainiako Kongresuan eztabaidagai den bizi guztiko kartzela zigor berrikusgarriaren gainean. Ezin baita inolaz ere "berdinketa" bat onartu. Hain zuzen, atzoko manifestazioaren leloa aldarrikatu du berriz ere: "Irabazle eta galtzaileen amaiera baterako justizia".
Madrilen izan ziren biktimen ordezkari gehienentzat, zer esanik ez Angeles Pedraza AVTko presidentearentzat, Espainiako Gobernuaren jarrera "epelegia" izaten ari da. PPko kide guztiak ez dituzte, berriz, zaku berean sartzen: Jaime Mayor Oreja eta Esperanza Aguirre txalo artean hartu zituzten atzo.