Ahaztuak elkarteak «kezkaz» hartu du motibazio politikoak eragindako biktimen egoera aztertzeko Eusko Legebiltzarrak eratutako lan taldea. Besteak beste, salatu du batzorde txostengile horretan ez dituztela frakismoaren biktimak aintzat hartu, eta biktimen artean sailkapenaeta bazterketa egin dutela. Ahaztuak-ek kritikatu du zio politikoak eragindako giza eskubideen urraketen artean frankismoaren biktimak egon beharko liratekeela, eta horiek aintzat ez hartzea «frankismoaren zigorgabetasunari» bide ematea dela.
Hain justu ere, frankismoaren hainbat biktimaren senideekin batera eskaini dute prentsaurrekoa elkarteko kideek. Ohartarazi dutenez, Legebiltzarreko lan taldeak duen borondatea agerian geratuko da erregimen frankistaren biktimak aitortzeko garaian. Irmo hitz egin dute elkarteko kideek: batzorde txostengileak biktima frankistak kontuan hartzen ez baditu, erregimen horren «inpunitatea» bermatzen egongo da.
Joan den asteartean osatu zen Eusko Legebiltzarrean polizia indarren eta motibazio politikoko indarkeriaren —eskuin muturreko taldeen— biktimen egoera aztertzeko lan taldea. Batzorde horretan, 1968tik gaur arte Poliziaren indarkeriak eta motibazio politikoko indarkeriak eragindako biktimak aintzat hartuko dira.
Horri lotuta, elkarteak salatu du Legebiltzarreko lan taldeak biktimen arteko banaketa egin duela irizpide «arbitrarioak» erabiliz. Elkarteak uste du biktima izaera denbora epe jakin batzuen menpe geratu dela Legebiltzarrean, eta «parametro frankistak» erabili dituela horiek zehazteko.
Erakundeekin «nazkatuta»
Erakundeek duten jarrerarekin «nazkatuta» daude frankismoaren biktimak, Ahaztuak-en arabera. Azken urteotan onartutako Memoria Historikoaren Legearekin, 1977ko Amnistiaren Legearekin eta Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresuan hartutako erabakiekin, frankismoa modu batera edo bestera babesten ari direla iritzi dio. Nazioartean Giza Eskubideen alorrean dagoen legedia urratzea eta genozidioen biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea urratzea leporatu die Ahaztuakelkarteak erakundeei.
Horrekin batera, Ahaztuak-ek salatu du Espainiako Kongresuak onartu berri duen Terrorismoaren Biktimen Legearen erreformak biktimatzat jotzen dituela frankismo garaian «ardura politiko eta polizialak» zituztenak. Elkarteak gogorarazi du lege horren arabera biktimatzat jotzen direla Meliton Manzanas eta Carrero Blanco, eta baita erregimeneko indar errepresiboaren bestelako kide batzuk ere. Elkartearen ustez, bada garaia erakundeek frankismoaren biktimekiko duten «urruntasuna» amaitzeko.
Biktimen lan talde berria kritikatu du Ahaztuak-ek
Elkarteak salatu du Eusko Legebiltzarreko batzorde txostengileak ez dituela aintzat hartu frankismoaren biktimak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu