Oraindik ez du urratsa egin, baina iragan ostegunean Nafarroako Parlamentuak aurrera ateratako indarkeria polizialaren biktimen legeari errekurtsoa jartzeko aukera aztertzen ari da Espainiako Gobernua. Ostiralean hala adierazi zuen Carmen Alba Gobernuaren Nafarroako ordezkariak eta asmo bera azaldu zuen atzo Ana Beltran parlamentariak. Beltranek azpimarratu du egoki ikusten duela errekurtsoa jartzea, «jakina baietz». Dena den, zehaztu nahi izan du hori Estatuaren abokatuaren gauza dela: «Hari dagokio eta guk ez diogu hari esango zer egin behar duen».
Ostegunean egin bezala, kritiko azaldu da baita ere UPNko Carlos Garcia Adaneron legearen edukiarekin. «Inoiz ez zen aurrera atera behar». Haren ustez, Espainiako Gobernuak Konstituzionalean errekurtsoa jarri beharko luke lege horren aurka. «Eurek ikusiko dute zer egin».
Oposizioaren kritika
Patxi Zabaletaren arabera, parlamentuak irmo defenditu behar du foru lege hori: «Hala exijitzen dute giza eskubideek eta etorkizuneko elkarbizitzak». Carmen Albak berehala legeari errekurtsoa jartzeko asmoa iragarri izana kritikatu du Bakartxo Ruizek: «PPk trabak jarri nahi dizkio elkarbizitzan urratsak egiteari».
Ezkerrako Jose Miguel Nuinen arabera, errekurtsoa jartzen bada, «arrazoi ideologikoengatik jarriko da, eta ez politikoengatik».
Geroa Baiko Manu Aierdiren arabera, Espainiako Gobernuaren aldetik «hodei beltzak» antzematen dira lege «garrantzitsu» horren aurka.
Biktimen legeari errekurtsoa jarri nahi dio PPren gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu