biktimak

Biktimen lekukotzak jasoko ditu Foro Sozialak otsailaren 24an

Foro Sozial Iraunkorrak Hitzorduak saioa aurkeztu du; Entzunaz bizikidetza eraiki: indarkeria mota ezberdinetako biktimen lekukotzak Araban izango da izenburua.

Foro Sozialak prestatutako saioaren aurkezpena, Gasteizen. FORO SOZIAL IRAUNKORRA
jon olano
2018ko otsailaren 15a
13:58
Entzun

Otsailaren 24an izango da topaketa, Gasteizko Europa jauregian. Biktimei buruzkoa izango da V. Foro Soziala, udazkenean, eta, agerraldian Susana Egiak eta Juanjo Espinak azaldu dutenez, egutegi bat osatu dute, hainbat ekimen eta saio antolatuta, "betiere memoriari eta elkarbizitzari buruzko edukiak lantzeko".

Egutegi horren lehen saioa izango da hilaren 24koa: "Sufrimendu guztiak aitortzeko eta erreparatzeko marko bat eraiki nahi dugu. Bertan, adiskidetze sozialari ekarpen gisa, indarkeria mota desberdinetako Arabako biktimen lekukotzak entzungo ditugu".

Sei lagunek hartuko dute parte: Maite Berrocal PSE-EEko Gasteizko zinegotzi ohiak, Pepe Moulia kartzela funtzionario ohiak, Candi Gomez Batallon Vasco Españolek hildako Enrique Gomezen anaiak, Encarni Blanco Guardia Zibilak torturatuak, Blanca Roncal Eusko Legebiltzarreko PSE-EEko legebiltzarkide ohiak eta Rafa Isasi preso zegoen lagun bati bisitan zihoala istripuz hil zen Fontxo Isasiren anaiak.

Horiez gain, AlanMcBride IRA Irlandako Armada Errepublikanoaren biktima ere izango da Gasteizen. Irlanda iparraldean izandako indarkeriaren biktimei babesa emateko sortutako Wave Trauma Center taldeko kidea da. Azkenik, Kristian Herbolzheimerrek errelatore moduan parte hartuko du saioan. Herbolzheimer Conciliation Resouces fundazioaren kidea da.

10:00etan hasiko da saioa, eta parte hartu nahi dutenek email bat bidali behar dute bere izen-abizenak zehaztuz [email protected] helbidera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.