Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna biktima guztiak oroitarazteko data dela esan du Idoia Mendia Jaurlaritzako Justizia sailburuak, giza eskubideen Rene Cassin saria eman duenean. Biktima guztien aitortza aldarrikatu, eta etorkizuna biktimen memoriarekin idatziko dela adierazi du.
Justizia sailburuak hitz horiek adierazi zituen atzo arratsaldeanMaria Oianguren Gernika Gogoratuz zentroko zuzendariari eta Nazioarteko Bake Brigadak Gobernuz Kanpoko Erakundeari Rene Cassin saria eman eta gero. Bi elkarteek bakearen alde egindako lana saritu nahi izan du aurten Eusko Jaurlaritzak.
Hunkituta jaso zuten saria Maria Oiangurenek eta Maite Elizondok, Gernika Gogoratuz eta Nazioarteko Bake Brigadetako buruek, hurrenez hurren. Giza Eskubideen Adierazpen unibertsalaren 29. artikulua gogoan, pertsona ororen eskubideak eta askatasunak errespetatzearen alde egin zuen Oiangurenek, oholtzara igo zenean. Familia, lagunei eta elkarteko kideei eskaini zien saria, Gernika «kosmopolita» dela erakutsi diotelako.
Elizondok, berriz, Nazioarteko Bake Brigadek azken hamarkadetan mundu «justuago» baten alde egin duten lana nabarmendu zuen. Rene Cassin saria giza eskubideen defentsan «bizitza arriskatzen» dutenei eskaini zien, eta lanean jarraitzeko tresna baliotsua dela erantsi zuen.
GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA
Biktimen oroimena etorkizuneko oinarri dela dio Jaurlaritzak
Idoia Mendiak Rene Cassin saria eman die Gernika Gogoratuz eta Nazioarteko Bake Brigada elkarteei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu