Barne zatiketek eta Xabier Agirre atzo arteEAJko ahaldun nagusi izandakoak egindako salaketek aterabide estuan utzi dute Ezker Batua. Arabako ahaldun nagusia aukeratzeko inbestidura saioan izandako polemika areagotu egin da azken orduetan, Kontxi Bilbao Ezker Batuko kideak baieztatu egin baitu Xabier Agirrek inbestidura saioan adierazitakoa, alegia, EBko bi biltzarkideen botoen truke zenbait afiliaturentzat postuak eskatu zizkiotela EAJri. Ez du argitu, ordea, alderdiko nor izan zen hori eskatu zuena. Baina gaineratu du eskaera hori ez zuela egin talde negoziatzaileak, eta EAJrengandik horren berri jakin bezain laster negoziazio mahaitik kendu zutela.
EAJk herenegun jakinarazi zuenez, Serafin Llamas, Julia Madrazo eta Jose Navas kideentzat postuak eskatu zizkion EBk EAJri negoziazioetan, eta baita 600.000 euroko kreditu bat ere. EBko kideak azaldu duenez, berak partehartu zuen negoziazioetan gobernu programari zegozkion gaiak bakarrik aztertu zituzten EAJrekin. Nolanahi ere,Bilbaok esan du alderdiko kideentzat karguak eskatzea «hutsegite» bat izan daitekeela baina ohikoa dela eta ez dela legez kanpokoa. Areago, gaineratu du susmoa duela EAJ eskaera horiek onartzeko prest zegoela.
Javier Madrazoren eta egungo koordinatzaile nagusi Mikel Aranaren aldeko afiliatuen arteko tirabirak nabariak dira alderdian, eta Bilbaok aitortu du alderdi barruan «zatiketa» egon badagoela. Bilbaok esan du bakarrik bere buruarekin fio dela, ez beste inorekin: «Ez dut lepoa egingo inorengatik, eta are gutxiago negoziatu dutenengatik eta era honetan saldu nautenengatik».
Hain justu ere, EBko koordinatzaile nagusiak jakinarazi du alderditik kanporatu dituela Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta biltzarkideak, eta baita Javier Madrazo koordinatzaile nagusi ohia ere. «Negoziazio miserable horretan parte hartu dutenek ez dute lekurik EBn», esan du. Arana haserre eta minduta dago, alderdikideek «engainatu» dutelako. Xabier Agirrek egindako salaketari sinesgarritasuna eman dio, eta ohartarazi du gaur-gaurkoz EBk ez duela ordezkaririk Arabako Biltzar Nagusietan.
Aranari segituan erantzun dio Julia Madrazo EBko zinegotzi ohiak: «Azken aldian Aranak egiten duen bakarra militanteak kanporatzea da». Halaber, Agirreren akusazioak gezurtatu ditu, eta EAJri negoziatzeko gaitasunik eza eta «harrokeriaz» jokatzea leporatu dio.
EBko biltzarkide Nerea Galvezek ere hitz egin du auziaz, bere blogean. EAJk egindako salaketak oinarririk gabekoak eta «oso larriak» direla esan du. Galvezek EBko kideen zintzotasunean sinesten du, eta ez da fio Xabier Agirrerekin: «Funtsik gabeko salaketak egin ohi ditu». Azaldu duenez, EBko koordinatzaile nagusiarekin aurrez aurre noiz hitz egingo duen zain dago, eta espero du hark argitzea zein ondorio dituen alderditik at utzi izanak.
Bilbaok aitortu du EBk hainbat kargu eskatu zizkiola EAJri
Kontxi Bilbaok argitu du eskaera ez zuela egin talde negoziatzaileak eta jakin zutenean negoziazio mahaitik kendu zutelaAranak Javier Madrazo ere EBtik kanporatu du, negoziazio «miserablea» egin duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu