Uraren Munduko Eguna aprobetxatu Ur Publikoaren Defentsan plataformak bere burua gizarteari aurkezteko. Bizkaian uraren kudeaketa publikoa eskatzeko sortu dute plataforma. Eta salaketa bat eginez hasi dute lana: Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak 1.838 ur hornidura mozketa egin zituen 2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko azaroaren 26ra bitartean. Horietatik 1.130 familiak izan ziren. Ur partzuergoak berak eman dizkio datuak plataformari.
Ohartarazi dutenez, partzuergoaren %60 pribatizatuta dago: hau da, enpresa publikoa izan arren, eskaintzen dituen zerbitzu asko azpikontratatuta dauden langileen bidez eskaintzen ditu. Uraren kudeaketa "erabat publikoa eta parte hartzailea" izan behar dela aldarrikatu dute, "irabazi asmorik ez duena". NBE Nazio Batuen Erakundeak erabakitakoa gogoratu dute: ura ordaindu ezin duten familiei eguneko eta pertsonako 60 eta 100 litro artean bermatu behar zaizkie.