Larunbatean Baionara ailegatu ondoren, Hegoalderako bidea egin du Olentzerok. Mari Domingirekin batera, Bilbon eta Iruñeko auzo batzuetan izan da gaur; bihar, berriz, Donostian, Gasteizen eta Iruñeko erdigunean.
Iruñean, Buztintxuri, Arrosadia, Azpilagaña, Etxabakoitz, Mendillorri eta Iturrama auzoetan egon da, eta Donibane, Sanduzelain, Txantrean, Arrotxapean eta Alde Zaharrean irtengo da bihar. Kalejira nagusia ere bihar aterako da Arte eta Lanbide Eskolatik. Olentzeroren lagunek urtero antolatzen duten besta da. 18:00etan hasiko da eta Zabalgunea eta Alde Zaharra zeharkatu ondoren, hasitako tokian bukatuko da.
Bilbon, bi aukera dituzte haurrek Olentzero ikusteko. Lehenengoa arratsaldean izan dute. Moyua plazan agertu da Olentzero, egurrezko pottokaren gainean. Harekin batera irten dira Mari Domingi eta Basajaun. Bigarren aukera bihar goizez dute, 11:00etatik 14:00etara. Arriaga antzokian egonen da haurren eskariak jasotzen.
Donostian, egun handia bihar izanen da. 15:20an Olentzero eta Mari Domingi Zuloaga plazara ailegatuko dira. Bertan ongietorria eginen diote, eta udaletxera joanen dira. 16:00etan, Olentzerok eta Mari Domingik egingo dute ongietorria: haurrei harrera eginen diete Udalbatzan. Kalejira nagusia bi ordu geroago abiatuko da, Bulebarretik. Ibilbidea Alderdi Ederren bukatuko da, udaletxearen aurrean, ordu baten buruan. Orduan, Olentzerok eta Mari Domingik agurra eginen dute.
Gasteizko kaleetan ere bihar ibiliko da Olentzero; baita Mari Domingi ere. Goizean, Olentzero haurrekin arituko da udaletxean, 11:00etatik 14:00etara. Arratsaldean, berriz, kalejira eginen du Iparralde gizarte etxetik abiatuta. Legutioko atea, Frantzia kalea, Bakearen kalea eta Olagibel kalea zeharkatu ondoren, Espainia plazan bukatuko da 19:00etan.