Otilia Jimeno Mateo

"Bilbo lehen aldiz bonbardatu zuten egunean ikusi nituen gizonak negarrez estreinakoz"

Miguel Jimeno de Lahidalga margolariaren alaba; aita errepublikanoa izatearen ondorioz erbestean bizi izana; gerrak eragindako mina hitzen ukenduarekin igurtzi duen kontalari apala. Memoria ariketa bizidun bat.

Otilia Jimeno Gasteizko bere etxean. MIKEL AGIRRE ETXANIZ
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2014ko urtarrilaren 5a
09:01
Entzun

"Gure aita intelektual bat zen. Errepublikaren aldekoa, humanista hutsa, antiklerikala. Beti ikusi nuen liburu asko etxean. George Sand, Verne, Txekhov, Dickens, Dumas... Horiek irakurriz piztu zitzaidan irakurzaletasuna, eta irakurzaletasunetik abiatuta hasi nintzen idazten. Gabezia askorekin. Oso gutxi joana bainaiz eskolara, gerra tarteko, eta, nire mugen jakitun, bakarka hasi nintzen idazten, ezkutuka". Aita, literatura eta gerra beti eskutik helduta Otilia Jimeno Mateoren (Gasteiz, 1924) bizitzan eta hitzetan.

1978an argitaratu zuen lehen poesia liburua: Voces, rumbos y destinos. Bost nobela ere idatzita dauzka, baina argitara eman gabe. "Orain ez dut idazten". Idatzitakoak ordenagailuan transkribatzea du lehentasun.

Eman duen azken liburua: Cuentos y relatos (Arabera, 2012). Bere idazlanik mardulena ere emana dauka liburuan: aitari, Miguel Jimeno de Lahidalgari (1895-1977) buruzkoa da Ochenta años de un siglo tetralogia. Eta biografia hori 36ko gerrak markatua da.

Otilia, Gasteizen jaio zinen, eta Gasteizen bizi zara aspaldi. Gasteizko kale batek zuen aitaren izena dauka, baina haren —eta zeure— bizitza hainbeste markatu zuen 36ko gerrak Zarautzen [Gipuzkoa] harrapatu zintuzten.

Bai. Aita oso marrazkilari ona zen. Gasteizen bertan hasi zen nabarmentzen altzarigintzan, diseinatzaile gisa. Zarautzen bazen oso goi mailako altzariak egiten zituen fabrika bat, Arruti Hermanos izenekoa, eta handik deitu zioten, haientzat marrazkilari lana egin zezan. Hala joan ginen denok Zarautzera bizitzera, 1926an, gurasoak eta lau senideak.

Espainiako II. Errepublika ailegatzeko zegoen.

Bai. 8 urte nituen errepublika aldarrikatu zutenean. Aste Santua zen, eta errepublikazaleek festa egin nahi izan zuten dantzaldi eta guzti, baina hain ziren erlijiozaleak gehienak Zarautzen, errespetu falta iruditu batzuei eta istiluak hasi ziren. Gure aita herriko plazako kioskora igo zen. Denek ezagutzen zuten herrian, eta denei hitz egin zien aitak, istiluak utzi eta lasai erretiratzeko eskatuz. Kasu egin zioten.

Hurrengo egunean, gure etxera etorri ziren gazte errepublikazaleak aitari esatera errepublikako Zarauzko lehen alkate aukeratu zutela. Aitak egun gutxi batzuk geroago egin zion uko horri. Zinegotzi kargua bete zuen gero udalbatzan.

Aldaketarik nabaritu al zen herrian errepublikarekin?

Gogoan dut buzoa jantzitako bi langile gazte sartu zirela behin eskolara, eta arbel ondoko gurutzea kentzera zetozela esan zutela, errepublikak debekatu egin zuelako ikastetxeetan halakoak erakustea. Egun hartan ikasi genuen errepublikanoen alabek zer esan nahi zuen «gaizto» hitzak, titulu horixe eman zigutelako eskolan. Denetarik entzun genuen; denen jakinekoa zen, izan ere, gure aita errepublikaren aldekoa zela eta ez zela mezetara joaten.

Zuen aitak goi mailako jendearentzat lan egiten zuen. Ideia aurrerakoiak izateak ez al zion kalterik ekarri jauntxoak nagusi ziren Zarautz integrista hartan?

Errepublikak ekarri behar omen zituen kalte guztien errudun jo gintuzten, baina, hasierako egonezinaren ondoren, bere onera etorri zen egoera, eta betiko moduan moldatu ginen klase guztietako jendearekin. Aitari askotan esaten zioten behargin jendearekin ez nahasteko, baina hark bereari eutsi zion. Gasteiztar gazte mordoari lana bilatu zion Zarautzen, eta batzuekin zein besteekin zeukan harremana. Herriko lagun batek esan zion behin gure aitari hilean behin behintzat joateko mezetara, eta behin joanda zarata egiteko, denek ikus zezaten, horrek ondu egingo zuelako herriko nagusien begietara.

Aholkatutakoa egin al zuen aitak?

Ez! Erantzun zuen ez zeukala zentzurik pertsonei ziria sartzen saiatzeak jainkoari ez bazion ziririk sartuko, eta mezetara joan gabe segitu zuen. Moral oso estua zen nagusi herrian. Gure ama izan zen lehenetakoa garçon erara ilea mozten, esaterako, bizi ginen etxeko laugarren solairuko Tomasarekin batera, eta ile orrazkera horrekin ere izan zen sesioa.

Nola gogoratzen duzu herriko giroa?

Karlistekin ez ginen nahasten. Nik zarauztar gehienak abertzale gisa ditut gogoan. Eta errepublikanoen artean, herriko intelektualak eta kanpotik etorritako beharginak asko.

Gure etxera, berriz, jende asko sartzen zen. Izan goi mailako jendea izan herritar xume, denek entzuna zuten inoiz gure aitaren diskotekako musika. Urrutitik ekarrarazten zituen diskoak; ehunka batu zituen. Egun museoko piezak lirateke. Liburutegia ere, Verne, Salgari, Hugo, Zola eta beste hamaikaren lanekin osatuta zeukan. Eta arte liburuekin. Haiek denak frankistek herria hartu zutenean galdu ziren, etxea eta etxe barruko guztia —aitaren artelanak barne— kendu baitziguten.

Inoiz berreskuratu al zenituzten pieza haiek?

Oso gauza gutxi berreskuratu ahal izan genuen. Mahairen bat, artelanen bat eta kito. Etxean bazen gure aitak eginiko taila txiki bat, polikromatua: Estibalizko Amarena. Goi mailako artelantzat zeukaten ikusia zuten guztiek. Lapurtu egin ziguten. Erreketeak Zarautzera sartu zirenean, Mixerikordiako mojen buru egiten zuenak —Mixerikordiara eraman zituzten gure etxean errekisatutako gauzak— erreketeen buruari oparitu zion. Betirako galdu genuen taila hura.

Ez zioten barkatu errepublikazale izatea.

Errepublika garaian udalbatzako kide izana zen, eta uztailaren 18ko altxamendua gertatu zenean haren alde antolatu zen, beste askorekin batera. Gure aitak 41 urte zituen, eta itzala herriko errepublikanoen artean. Denborak aurrera egin ahala, eta matxinoak herrira hurbiltzen ari zirela ikustean, ama eta senideok Bilbo aldera bidali gintuen, Molaren soldaduak izugarriak eginez zebiltzala entzuten baitzen. Irailaren 20an irten zen aita Zarauztik, trenez, matxinoak herrira sartu ziren egun berean. Ehunka lagunek alde egin zuten trenez.

Bilbon azkar elkartu al zineten?

Bai. Irailaren 25erako batera ginen denok. Egun hartan, Bilbo lehendabiziko aldiz bonbardatu zuten matxinoek, baita gure babes etxea jo ere. Gurekin zeuden Francisco Escudero musikariaren gurasoak eta anaia txikiak. Haiek ere Zarauztik ihes eginak ziren, eta guztiok egin genion izkin heriotzari etxea hormigoi armatuzkoa zelako eta gure aitak denoi bizitza salbatu zigulako, bonbak jaurti berri zizkiguten hegazkinak bueltan zetozela ikustean. Egun hartan ikusi nituen gizonak negarrez estreinakoz bizitzan.

Nolako bizipenak izan zenituzten Bilbon?

Gogorrak. Bonbardaketak eguneroko ogi bihurtu ziren. Goseak bizi gintuen denok. Gure amak 30 kilo galdu zituen. Ahizpari hilekoa moztu zitzaion elikadura kaskarragatik; gure anaia txikiak jateko gogoa ere galdu egin zuen. Aita lubakiak egiten aritu zen. Eta Eusko Jaurlaritzarentzat lanean, Zarautzen lagun zituen Nikolas Mujika eta Flores Kaperotxipi margolariekin batera, artelanak ebakuatzeko prestatzen.

Atzean utzi zenituztenen berri izaten al zenuten?

Bai. Ihes egindako jendearekin egoteko aukera izaten genuen, eta hala jakin zuten gurasoek Zarautzen gertatutako izugarrikerien berri, kalean guztien barregarri pasieran ibilitako emakumeen, fusilatu zituzten lagunen albisteak.

Bilbotik noiz alde egin zenuten?

Artxandako tiroak Bilbotik entzuten hasi zirenean. Barakaldon zamaontzi batean sartu gintuen aitak, eta Santanderrera heldu ginen. Aita geroago azaldu zen. Santandertik Frantziara joan ginen ama, ahizpa, anaia txikia eta ni, Marion Moller ontzian. Parisen familia zeukaten gurasoek, eta haiengana bildu ginen. Aita eta anaia Honorio lehorrean utzita alde egin genuen itsasoz, aitaren marrazkien eta margolanen karpeta besapean genuela. Anaiari ez zioten utzi ontzira gurekin igotzen, gerrara bidaltzeko adinean zegoela iritzita. Haur ikusten zuen semea frontera joatetik libratzea, gure aitak beste obsesiorik ez zuen izan ordutik aurrera.

Lortu zuen helburua; Parisen agertu ziren halako batean.

Bai. Izugarriak izan ziren denon ibilerak. Aurrena, Honorio bidali zuen itsasoz. Geroago, aita agertu zen, Santander-Gijon-Bordele-Paris ibilbidea eginda. Guk behintzat atzera elkartzea lortu genuen. Beste familia asko betirako hautsita geratu ziren, elkarren berri gehiago jakin ezinda.

Eta Parisen, berriz hastera.

Bai. Ama etxe garbitzen eta ume zaintzen hasi zen sos batzuk lortzearren. Aitak bere margo eta marrazkien karpeta erakutsi zuen batean eta bestean, eta lana lortzeko bide bihurtu zitzaion. Honorio anaia ere margolari ona zetorren. Eta aitari Eusko Jaurlaritzaren Eresoinkaren ikuskizunetarako atrezzoak-eta diseinatzea eskaini zioten. Tellaetxe eta Uzelai zituen nagusi han. Paristik Capbretonera aldatu ginen bizitzera, Jaurlaritzarentzat lanean hasi baitzen aita, ilustratzaile gisa. Capbretonetik gertu, gerratik ihes egindako euskal errefuxiatu askoren zaintzarako guneak zeuden.

Albisteak jasotzeko abagune polita.

Bai. Batzuen eta besteen berri jasotzeko parada izan genuen han. Begira [argazki album bat irekiz], hau Zarauzko tren geltokia da. Gure anaia Honorio ageri da bertan, eta gure aitak esaten zuen hemen ageri diren gainerako gizon denak [zazpi] fusilatu egin zituztela. Jose Alonso Muñoz, Errenteriako Tomasaren senarra; Heliodoro Ramiro Blazquez, garrotez hila; Donato laguna, urkatua… Horiez gain, badakit Sebastian Txintxurreta ere fusilatu zutela, eta txofer bat. Ez dakit argazkian nor den nor, baina hil egin zituztela bai.

Eta, halako batean, naziak agertu ziren zuen egunerokoan.

Bai. Pasioan hartu zuten Frantzia. Capbretonera kantuan heldu ziren, poltsikoak diruz beteta. Mutil gazteak Espainiara bidaliko ote zituzten zabaltzen hasi zen errefuxiatuen artean, eta gurasoak Honoriorekin kezkatuta zeuden. Hegazkin mekanika eskola batean ikasten hasia zen, eta aitak Espainiaren Baionako enbaxadara jo zuen, Honorioren artelanak, diseinuak eta ikasketa agiriak besapean. Semea hona lasai bidaltzeko esan zioten, halako talentua zeukaten gazteak behar zituela Francok Espainia altxatzeko; boluntario aurkezten bazen soldadutzarako, frontean ibilia ez zenez, ez zitzaiola ezer txarrik gertatuko. Halaxe bueltatu ginen hona Honorio, Ana Mari ahizpa eta ni. Egurrezko kutxa eskuan zuela Honorio, bere artelan eta asmakizunez betea.

Balio izan al zion kutxa hark ezertarako?

Frankisten mespretxua jasotzeko. Santiagoko muga zeharkatu orduko, atxilotu egin zuten. Arrazoi ofiziala: 20 urte betetzean aurkeztu behar zuela bere burua soldadutzarako, eta hilabeteak zirela adin horretara heldua zela. Han hasi ziren Honorioren kontzentrazio eremu, kartzela eta langile batailoietako ibilerak, kutxa astun hura eskuan. Bartzelonako osaba-izeben etxera bidali zuen halako batean.

Eta Honorio bera noiz bueltatu zen?

1942ko Aste Santuan. 1940ko udan gaitzik eta zauririk gabe atxilotutako mutil gaztea zorriz, orbanez eta gaitzez jana etorri zen ate-joka, erabat puztuta, hamaika jipoi eta zauri bizkar gainean. Langraiz Okara [Araba] eraman zuten lehenik, eta handik Espainiara: Miranda de Ebrora —han egin zioten lehen zauria, kokospean, baionetarekin—, Mirandatik Algecirasko zigor batailoira, Algecirastik Kordobara. Kordobatik etorri zen hona. Ez zen inoiz bere onera bueltatu, eta 1945eko uztailaren 23an hil zen hemen, Campilloko sanatorioan, tuberkulosiak jota. Gure aitari hil arte damutu zitzaion semea hona bueltan bidali izana.

Nola moldatu zineten bizimodu berrira?

Gaizki. Mende bat atzera egin genuela ematen zuen. Gu Edith Piafekin Parisen eta Capbretonen ohituta, eta hemen dena Maria de la O, errazionamendua eta santukeria.

Noiz itzuli zen aita Gasteizera?

Anaia preso eraman eta urtebetera. Erbestetik bueltan, gorriak ikusi zituen lana lortzeko. Fitxatuta zegoen. Pixkanaka bidea egin zuen berriz, amaren laguntzarekin. Oso ona zelako altzari diseinuan. Marrazkigintzan eta margotzen ere segitu zuen, eta ospea lortzen hasi zen. Tertulietan-eta parte hartzeko eskatzen hasi zitzaizkion gure aitari, baina semea hil zitzaion bezala hilda eta beti eskuindarrez inguratuta… halako batean harekin guztiarekin moztu zuen. Horren ondorioz, ez ikusiarena egiten hasi zitzaizkion denak. Gaur arte. Aitaren politika ez zen frankistena. Radio Paris entzuten zen gure etxean gerora ere, eta Martxoaren 3ko gertakarietan ere kalean ibili zen. Batzuk harritu egiten dira guk gogoratu nahi izateagatik. Ni haien harridurak harritzen nau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.