gizartea

Bilbobuseko langileek lanuzteekin jarraitzea erabaki dute batzar batean

Hilaren 19tik 29ra arte egunero egingo dituzte lanuzteak, asteburuetan barne. Veolia enpresak "neurriz kanpoko" soldata igoera bat lortzeko herritarrak erabiltzea egotzi dio enpresa batzordeari. 

2012ko martxoaren 9a
16:00
Entzun

Bilbobus konpainiako langileek martxorako iragarritako lanuzteekin jarraitzea erabaki dute, langileek egindako batzar batean. Lan hitzarmenaren negoziazioetan "aurrerakuntzarik" izan ez delako hartu dute erabakia.

Pedro Angulo Veolia Bilbao enpresako batzordeko presidenteak azaldu du "langilegoaren gehiengoak" egin duela bat lanuzteekin jarraitzearekin, bart egindako batzarrean. Momentu honetan enpresarekin "negoziaziorik ez dagoela" jakinarazi du, sindikatuekin aste honetarako eta datorren asterako aurreikusita zituen bilerak bertan behera utzi ondoren.

Veolia enpresak "neurriz kanpoko" soldata igoera bat lortzeko herritarrak erabiltzea egotzi dio enpresa batzordeari. Veoliaren arabera batzordeak bileraz informatu zituen langileak baina ez zien bozkatzen utzi, eta, besterik gabe, lanuzteekin jarraituko zutela helarazi zien. Enpresaren esanetan langileek soldata igoera "garrantzitsuak" izan dituzte krisia hasi zenetik, 2008tik 2011ra bitartean %15eko igoera izan omen dute eta gainera azpimarratu du enpresak ez duela langilerik kaleratu. 

Otsailaren 28an hasi ziren lanuzteekin; bi orduko lanuzteak egin dituzte txandaka, astean bitan. Hilaren 19tik 29ra arte, egunero egingo dituzte lanuzteak, asteburuetan barne, eta txanda bakoitza lau orduz geratuko da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.