gizartea

Bilbobuseko langileek lanuzteekin jarraitzen dute, atzo zuzendaritzarekin bildu ondoren

%30eko gutxieneko zerbitzuak egongo dira 07:30etik 11:30era eta 16:30etik 20:30era.

2012ko martxoaren 23a
09:39
Entzun

Bilbobus autobus konpainiak lanuztera deitu dute gaurko ere; 07:30etik 11:30era eta 16:30etik 20:30era %30eko gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte. Atzo Bilbobus kudeatzen duen Veolia enpresako zuzendaritzak eta Bilbobuseko langile batzordeak bilera egin zuten Bilbon, baina Pedro Angulo langileen batzordeko presidenteak azaldu zuen soilik aurretik hitzartutako gaiak jorratu dituztela; hala nola, dietak eta hamabostaldien banaketak.

Horrekin batera, Angulok salatu zuen otsailaren 13tik ez dela lan hitzarmenaren inguruko negoziaziorik izan. Veolia enpresako iturrien arabera, lan hitzarmenarekin lotura duten gaiak landu zituzten bileran.

Veolia konpainiari lan hitzarmena "geldituta" edukitzea eta lan baldintzak okertzea egozten diote langileek. Lan hitzarmena iazko uztailaren 31n amaitu zen, baina hainbat bilera egin ostean ez dute aurrerapausorik egin, langileen esanetan, enpresaren "mugikortasunik ezaren ondorioz". 

Veoliak 2016. urtera arte du bere esku Bilbobus zerbitzuaren kudeaketa, eta azken hilabeteetan Pesa konpainiarekin negoziatzen ari da, zerbitzua saltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.