Bilboko adingabeen %14k ez dute inoiz preserbatiborik erabiltzen

15 urtetik 20 urtera bitarteko gazteei egindako inkesta baten arabera, 2017an nabarmen egin du gora preserbatiborik erabiltzen ez duten adingabeen kopurua: %2,4tik %14ra.

jarraia149684.jpg
Asier Arrate Iruskieta.
2018ko martxoaren 14a
14:29
Entzun

T4 HIESaren aurkako elkarteak Bilboko gazteen sexu-praktikei buruzko inkestaren emaitzak aurkeztu ditu gaur. Txostenak, 15 urtetik 20 urte arteko 475 gaztek iazko Bilboko Aste Nagusian emandako datuak biltzen ditu. Harreman motak, sexu praktikak, maiztasuna eta preserbatiboen erabileraren datuak ageri dira bertan. Datuen artean aipagarriena preserbatiborik erabiltzen ez duten gazte kopuruaren igoera da. Adingabeen %14k ez du inoiz erabiltzen, 2016ko %2,4arekin alderatuz.

Egileen esanetan, preserbatiboen erabilera altua da oraindik ere; Inkestan parte hartu duten gazteen ia %40ak uste du “sexu aukera guztiak” praktika arriskutsuak direla eta preserbatiboa beti erabili behar dela. Pertzepzio hori altuagoa da emakumeen artean -%46,8, gizonek berriz %41,9k-, eta 18 urtetik 20 urtera bitarteko gazteen artean -%46, adingabeak berriz %36-. Hala ere, elkarteko kideak kezkatuta azaldu dira erabiltzen ez dutenen %14az gain, gazteen %32k inoiz ez edo oso gutxitan erabiltzen duelako preserbatiboa.

Preserbatiboak ez erabiltzeko arrazoien artean, sexu harremanaren unean preserbatiborik eskura ez izatea da: %56,4. 2015eko datuekin alderatuta 33 puntu hazi da joera hori. Bigarren arrazoi gisa, ohitura falta aipatu dute gazteen %29,7k. Beste urte batzuekin alderatuz, ordea, gazteek ez dute lotu drogen erabilera preserbatiborik ez erabiltzeko arrazoi bezala.

Prebentzio kanpainak berritzeko beharra

Erabilera ezaren igoera zerk ekarri duen galdetuta, T4 elkarteko kide Amaia Vitoriak eta Matias Barreirok adierazi dute “ezin dutela erantzun zehatzik eman”. Nabarmendu dute “aukera bakarra” ikertzen, galdetzen eta lanean jarraitzea dela, eta dei egin diete erakundeei “prebentzioan eta ezagutza berriak lortzeko proiektuetan” inbertitzen jarraitzeko. “Prebentzio klasikoak ez du funtzionatzen, eredua berritu eta moldatu behar dugu”, adierazi du Vitoriak. Barreirok azaldu du, hori lortzeko, “ezinbestekoa” dela gazteak prebentzio kanpainen parte izateaz gain, horien diseinuan parte hartzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.