Ibon Areso Bilboko alkateak adierazi du udalaren "konpromiso bat" zela galeria prestatzea. Azaldu duenez, galeria espazio "oso duinean" dago —udaletxeko atondo nagusian—, eta "Bilboko historia" erakusten du, "hobeto edo okerrago".
Gogoan izan du Frankismo garaiko alkateen koadroen inguruan sortutako polemika. EH Bilduk salatu zuen udaletxeko korridoreetan alkate frankisten irudiak zeudela, gainontzekoen parean. Erretratuak mantentzearen alde agertu zen Iñaki Azkuna Bilboko alkatea zena, argudiatuz "historia errespetatzearen aldekoa" zela. EAJk eta PSEk adostu zuten udaletxean alkate guztien irudiei eustea, baina beste elementu batzuekin osatzea galeria, historia "testuinguratzeko".
Aresok nabarmendu du "Bilboko historia Bilboko historia" dela: "Hobea edo okerragoa, baina Bilboko historia da". Testuinguratzea "akademikoa" izan dela azaldu du, eta lan horretan aritutakoak zoriondu ditu.
Bilduk salatu du Frankismo garaiko alkateen erretratuak eta garai horren ostekoak batera jartzeak "talka" egiten duela memoria historiakoaren eremuan emandako pausoekin. 1937tik 1979ra bitartean emandako 500 domina baliogabetzea erabaki zuen ostegunean Bilboko Udalak, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren babesarekin. Bestalde, Bilboko historian "egun handia" dela esan du Alfonso Gil PSEko bozeramaileak.