Bilboko Aste Nagusian egitekoak diren presoen aldeko bi ekitaldi debekatu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak, "biktimentzako iraingarriak" direla iritzita. Etxerat-ek gaur arratsalderako presoen alde antolatutako elkarretaratzea da bat, eta Kaskagorri konpartsak ostegun gauerdirako prestatutako "kaskarrepresaliatuen" omenaldia bestea.
Velascok segurtasun indarrei agindu die ekitaldi bi horiek eragozteko, eta egingo balira parte hartzaileak identifikatzeko. Epailearen arabera, "ETAko presoak" omentzea da bi ekintza horien xedea "ETAko izateagatik", eta "ETAko kideak haien jarraitzaileekin batzea dute helburu, demokraziatik landa indarkeriaren bitartez lortu nahi diren helburuetan". Jaigunetik presoen argazkiak kentzeko ere agindu du epaileak -horretan ibili dira gaur goizean Bilboko Udaleko garbitasun zerbitzuak Ertzaintzaren laguntzaz-.
Herrizaingo Sailak ez du onartu ibilbide aldaketa
Bestalde, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ez du onartu Euskal Herriaren eskubideen alde manifestaziorako deia egin duen herritar taldeak proposatutako ibilbide aldaketa, jaigunean eragiten duela eta, ondorioz, ez dituela segurtasun arazoak saihesten argudiatuta.
Hasieran, Zabalburun hasi eta Udaletxean amaitzea proposatu zuten antolatzaileek. Herrizaingo Sailak ez zuen onartu ibilbide hori, eta Zabalburutik Autonomian barrena Aita Donostia plazaraino joateko agindu zien. Beste ibilbide proposamen bat egin zuten, orduan, antolatzaileek: Zabalburu, Hurtado Amezaga, Lutxana, Urkijo,Mazarredo, Ibáñez de Bilbao, Venezuela plaza,Buenos Aires, Udaletxeko zubia, Erkoreka plaza eta Udaletxea. Aldaketa hori ere ez du onartu Herrizaingo Sailak. Manifestazioaren antolatzaileek salatu dute, ibilbide aldaketaren bidez "ikustezin" egin nahi dituztela.
Politika
Bilboko Aste Nagusian presoen aldeko bi ekitaldi debekatu ditu Auzitegi Nazionalak
Etxerat-ek gaur arratsalderako antolatutako elkarretaratzea da bat, eta Kaskagorri konpartsak ostegun gauerako prestatutako "kaskarrepresaliatuen" omenaldia bestea. Bestalde, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ez du onartu 'Euskal Herriaren eskubideen alde' manifestazioaren antolatzaileek proposatutako ibilbide aldaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu