2003az geroztik, urtero ematen du Euskara saria Hau Pittu Hau konpartsak. Bilboko Aste Nagusia baliatuta, erakunde edo talde bati ematen diote saria, euskararen alde egiten duen lana aitortzeko. Aurretik, BERRIA, Uema, UEU zein Hamaika Telebista saritu izan dituzte.
Euskal hiztunak eta euskara ikasleak batzen ditu Berbalagun egitasmoak, lagun talde txikietan euskaraz hitz egiteko. Hau Pittu Hau konpartsak azpimarratu du "ekarpen bikoitza" egiten diotela euskararen erabilerari: batetik, euskaraz hitz egiteko aukera ematen dielako ikasten ari direnei; eta bestetik, Bilboko euskal hiztunen komunitatea "trinkotzen" duelako.
Hilaren 25ean izango da sari banaketa ekitaldia, arratsaldeko 17:00etan, Bilboko konpartsen gunean.