"Sakabanaketak jendarte osoari eragiten dio, eta, ondorioz, baita konpartsei ere". Hala arrazoituta, Bilboko hainbat konpartsak bat egin dute Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformaren 0km dinamikarekin. Prentsaurreko batean, adierazi dute "premiazko eta ezinbesteko" ikusten dutela sakabanaketa amaitzea, "horretarako egiten diren ekimenekin bat eginez". Konpartsek euren "hondar alea" jarriko dute.
Presoen familiek egin beharreko kilometroetai erreparatu diete konpartsek: "Sakabanaketak urtero batez beste 63.599 kilometro egitera behartzen gaitu, eta 300 istriputik gora izan dira politika hau abiatu zenetik". Espetxe politika "legeak jasotzen dituen bermeetatik urrun" dagoela adierazten dute datu horiek, konpartsen ustez. Azaldu dute zigorrek eragina dutela bai haurrengan eta bai helduak diren gurasoengan, eta "haietako batzuk urteak semea edo alaba ikusi gabe" egotera behartzen dituztela. Hori ikusirik, konpartsetako bazkideek adierazi dute "ezin ihes egin" diezaioketela errealitate horri: "Gure jardunaren parte handiena Bilboko jaiekin lotu arren, ongi ezagutzen ditugu egunerokoan bizi beharreko injustizia guztiak".
"Gure konpartsakideak konpartsan bueltan nahi ditugu", adierazi dute. "Haiek bisitatzera doazen konpartsakideen bizitza arriskuan ez jartzea nahi dugu". Erreibindikazio horrekin batera, "denen artean" sakabanaketa amaitzeko deia egin dute: "Merezi du".