Bi aste eskas falta dira jaiak lehertzeko, eta Bilboko Konpartsek dena prest dute "munduko jairik zoragarrienak" ospatzeko: 300 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte. Itziar Villafañez Bilboko Konpartsen bozeramaileak prentsaurrekoa egin du gaur ekimenen inguruko xehetasunak emateko.
Lehiaketa gastronomikoak eta hiri krossa izango dira plater nagusiak, baina bada beste berritasunik ere; esaterako, pilota ikastaroa eta futbol txapelketa. Kontzertuei dagokienez, 50 talde baino gehiago arituko dira txosnetan. Besteak beste, Anje Duhalde, Ze Esatek, Vendetta eta Itziarren Semeak.
Orain urte batzuk hasi ziren konpartsak umeentzako ekitaldiak bultzatzen, eta aurten ere ohikoak diren tailerrak, umeentzako ikuskizunak, puzgarriak eta abar izango dira txikien gozagarri. Gainera, Irrien Lagunak klubeko kideak ere jai eremuan ibiliko dira astelehenetik ostegunera bitartean. Egitarauan, skate tailerra eta Warhamer eta Magik lehiaketak ere badaude.
Ekintza berezien artean dago Erripa kaian jarriko duten frontoi txikia. Egunez egun, euskal pilotak dituen modalitateez gozatu eta ikasi ahal izango da bertan. Abuztuaren 20an, gainera, Mikel Goñi pilotariak ikastaroa emango du. Halaber, bertan 3×3 futbolean jokatzeko zelai txiki bat jarriko da, Athletic Fundazioarekin batera egingo duten txapelketa burutzeko.