Larunbatean iritsiko da Marijaia Bilbora, eta Bilboko Konpartsek Aste Nagusirako egitarauaren berri eman dute jada, flotagailu, uretako betaurreko eta eguzkitako artean. Berrikuntza gisa, aurten itsasadarra ere jaigune bilakatu nahi izan dute, eta, horretarako, puzgarri erraldoi bat jarriko dute astelehenetik aurrera, 10:00etan eta 17:00etan. "Iaz mehatxu egin genuen erreka izozteko prest geundela esanez, baina hobetu pentsatu dugu: Aste Nagusia jai herrikoiak eta parte hartzaileak izateaz gain, freskitoak izan behar direla uste dugu", azaldu dute.
Gainera, gogorarazi dute Aste Nagusian urtero egiten den Hiri Krosak 20 urte beteko dituela. Ostiralean izango da, eta aspaldi bukatu ziren dortsalak: "deigarria" izan arren, jaiak eta kirola uztartu daitezkeela erakusten du horrek, adierazi dutenez. Bestalde, “sakelakoekin argazkiak ateratzeaz nazkatuta", proposamen berri bat aurkeztu dute konpartsek: I. Marraztu Aste Nagusia. Dibujatolrato Sinparar taldeko kideek argazkiak marrazki bidez egiteko gonbidapena egin dute, asteartean 11:00etan, Areatzan.
Umeen parte hartzeari ere garrantzia eman diote: "Ez ditugu soilik ikusle moduan planteatzen: umeak ere protagonistak izateko modua jartzen hasiak gara". Aurten hori bultzatuko dute, eta, besteak beste, bi jarduera berri izango dituzte: krispeta eta kotoi tailerra.
Besteak beste, urtero antolatzen dituzten ekitaldiak ere ez dira faltako: Goitibeheren III. Open Aste Nagusia, Xakea, arrantza eskola, Aerobithona, sukaldaritza txapelketa...
Bilboko Konpartsen Aste Nagusia “eredu herrikoi, parte hartzaile eta parekidean” oinarrituta dagoela aldarrikatu dute, eta ohartarazi “inolako erasorik” ez dutela onartuko: “Erasotzaileak ez dira jai gunean onartzen, ezta Bilbon ere”.