Euskal presoak

Bilboko manifestazioa debekatu arren, mobilizazioak hedatuz doaz

Herrira-k deitutako martxan «terrorismoa goratu» litekeela dio Moreno epaileak; bi mobilizazio debekatu dituzte astebeteanUribetxebarriari erradioterapia jaso ahal izateko probak egingo dizkiote astelehenean

Hogeita hamar dira jada Donostiako Ospitalean gose greba mugagabean dauden lagunak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Gaur eguerdirako Herrira mugimenduak antolatua zuen manifestazioa debekatu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak. 12:30ean zen abiatzekoa mobilizazioa Plaza Eliptikotik, baina Ismael Moreno epaileak argudiatu du «terrorismoa goratu» zitekeela han. Horrela, epaileak aintzat hartu ditu AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eta Dignidad y Justicia taldeak egindako eskaerak. Herrira-k, berriz, deia egin die herritarrei manifestazioa bertan behera uzteko eta eguneroko elkarretaratzeetan parte hartzeko. Bilbokoa 12:00etan izango da, Moyua plazan. Ondoren, Areatzara biltzeko eskatu die mugimenduak herritarrei. Han, bihartik aurrera Euskal Herriko hainbat lekutan egingo den bezala, baraualdi masiboa egingo dute.

Debeku eskaera egin zuten elkarteek esan zuten «biktimen memoria» iraintzen zuela Josu Uribetxebarriaren eta gaixorik larri dauden presoen askatasuna aldarrikatzeko Bilboko mobilizazioak. Gainera, adierazi zuten Herrira-ko kideek «etakide baten alde» egiteaz haratago, «borroka armatua goretsi» nahi dutela kalejira horrekin. Joan den asteartean, Angeles Pedraza AVT elkarteko presidenteak esan zuen «hiritar gisa ez baina biktima gisa Uribetxebarria espetxean hiltzea» desio zuela. Bilboko Aste Nagusiaren barruan egin ohi den mobilizazioa da gaurko deitua zegoena.

Herrira-k aurreko larunbaterako Giza eskubide guztiak. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean deitutako manifestazioa ere debekatu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, bertan «borroka armatua goretsi» zitekeela eta. Debekuaren ondoren, Gernikako Akordioak ekitaldia egin zuen larunbatean bertan, Konponbide garaia da. Preso gaixoak kalera! lelopean.

Biharko manifestazioan parte hartzeko deia egina zuen EH Bildu koalizioak «oso larritzat» jo du debekua. Koalizioak salatu du Auzitegi Nazionalak legez «kanporatzeen eta debekuen» dinamikan jarraitzen duela, eta «Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berria» baldintzatzeko helburua duela. PPri egotzi dio Uribetxebarria eta gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko aldarrikapen «masibo eta plurala» ezkutatu nahi duela debeku horien bidez. Jarrera hori behin betiko gainditu eta «euskal jendartearen normalizazio politiko eta demokratikorako itxaropenen aurka» egiteari uzteko exijitu dio EH Bilduk PPri. Euskal herritarrei berriz, asteburuan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die koalizioak.

Uribetxebarria, «oso larri»

Bitartean, Uribetxebarriak preso jarraitzen du, eta Etxerat elkarteak gogoratu du «muturreko egoeran» aurkitzen dela presoa. Bi asteko gose grebaren ondoren, Uribetxebarria tratamendua jasotzeko prestatzen ari dela jakinarazi du Etxerat-ek. Hain zuzen, astelehenean proba batzuk egingo dizkiote ospitalean, gero burezurreko erradioterapia saioak hasi ahal izateko, buruan duen metastasi anizkoitza tratatzeko. Uztailean atzeman zizkiotenetik, nabarmen hazi zaizkio buruko noduluak. Gainera, birikan ere nodulu gaiztoa du presoak, dagoeneko 18,5 milimetroko diametroa duena. Etxerat-ek gogoratu du, Uribetxebarriaren kasuan, bestelako hainbat datu ere izan behar direla kontuan: batetik, bi asteko gose grebaren ondoren, defentsek behera egiten dute, eta horrek gaitza areagotu dezake; are gehiago giltzurrun bakarra duela jakinik. Bestetik, Uribetxebarriak espetxe erregimena jarraitu behar du. Gainera, 56 urte ditu, eta azken hamabostak espetxean igaro ditu. Gauzak hala, «muturreko egoeran» dela eta kalean egon behar lukeela aldarrikatu du Etxerat-ek, «dagokion tratamendua zorrotz jasotzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.