su-etena

Bilboko manifestazioaren inguruan EAJk zein EAk hartutako jarrerak zilegiak direla uste du Erraztik

Larunbatean Bilbon konponbidearen alde egin zen manifestazio handiaren inguruan oso jarrera diferentea izan du EAJk eta EAk: parte ez hartzea erabaki zuten jeltzaleek; EA, berriz, antolatzaileetako bat zen. Nolanahi ere, bi jarrera horiek zilegiak direla, eta ez EAJ, ez bere alderdia, ez zirela okertu iritzi dio Begoña Errazti EAko presidenteak. Nolanahi ere, ezadostasun horiek ez dutela Jaurlaritzako hirukoan inolako eraginik izango ziurtatu du.

2006ko apirilaren 3a
10:17
Entzun
"Euskal gizartea mobilizatu edo ez mobilizatzearen inguruan jarrera zilegia har dezake bakoitzak. Eusko Alkartasunak mobilizazioaren alde egin zuen gure herriarentzat oso eszenatoki garrantzitasuan, historikoan, gaudela uste dugulako; azkenean bakera eta normalizazio politikora irits gaitezkeela uste dugulako. Eta horrek eskatzen du herritarrak inplikatzea gure herrian sortu den itxaropenean", azpimarratu du Ser irrati katean egin dioten elkarrizketan.

Justu kontrako jarrera adierazi du egunotan EAJk, manifestazio horretan parte hartzeari uko eginez, eta sasoi hau ez dela horrelako mobilizazioetarako egokia esanez. Dena den, jeltzaleen zein euren jarrera zilegia dela nabarmendu du Erraztik, eta ezadostasun horrek ez duela esan nahi bietako inor okertuta dagoenik. Era berean, Jaurlaritzako hirukoan ez duela eragingo ziurtatu du: "Gobernuko hiru alderdiek hauteskundeetan hartutako konpromiso bateratua daukagu: bakera iristeko irtenbideak eskaintzea, normalizazio politikoa eta Euskal Herriko gatazkaren amaiera", azpimarratu du.

Ibarretxe-Zapatero bilera

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria hartu behar du bihar, ETAk iragarritako su-eten iraunkorra elkarrekin aztertzeko. Ibarretxeri bilera horretara jarrera argia eramateko eskatuko diola iragarri du Erraztik: euskal herritarren erabakia errespetatzeko galdegin diezaiola Zapaterori.

Erraztiren ustez, Zapaterok "lan historikoa" du egiteko: "pausu interesgarriak ematen ari da. Orain bete egin behar ditu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.