Politika

Bilboko manifestazioaren ondoren ANVko kideek hitzegitea galarazi du Marlaskak

Milaka lagunek parte hartu dute =i Salbuespen egoerari stop! Euskal Herriak autodeterminazioa=i lelopean egin den manifestazioan. Manifestazioa hasi aurretik manifestazioaren antolatzaileak identifikarazi ditu Ertzaintzak, eta EAE-ANVko kideek ezin zutela hitza hartu ohartarazi die. Ertzainek hurbiletik segitu dute manifestazioa ibilbide guztian, baina arazorik gabe amaitu da.

2008ko abuztuaren 22a
16:13
Entzun
Euskal Herrian «askatasun zibil eta demokratikoen gabezia gero eta handiagoa» dela iritzita bost mila bat lagunek parte hartu dute gaur eguerdian Bilbon egin den manifestazioan, hainbat herritarrek eta zenbait konpartsatako kideek egindako deialdiari erantzunez. Salbuespen egoerari stop! Euskal Herriak autodeterminazioa lelopean egin dute, eguerdian Plaza Eliptikotik abiatuta.

Nolanahi ere, ekitaldi hori debekatzeko zenbait eskaera izan dira egunotan, besteak beste, Dignidad y Justicia eta AVT biktima elkarteenak. Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aztertu ditu eskaera horiek, eta, azkenean, manifestazioa ez galaraztea erabaki du, gaur goizean bertan plazaratutako auto baten bidez. Ekitaldia bera ez du debekatu, baina bai, ordea, amaieran EAE-ANVko inork hitzegitea. Hain zuzen ere, manifestazio amaieran EAE-ANVko inork hitza har dezan eragozteko agindu dio Marlaskak Ertzaintzari.

12:00etan jende mordoska zegoen batuta Plaza Eliptikoan manifestazioan ateratzeko asmoz. Ertzaintza haiengana hurbildu da, eta ekitaldiaren antolatzaileak identifikarazi ditu. Marlaskaren debekuaren berri eman die eta ANVko inork ezin zuela hitzik hartu ohartarazi die.

Ertzainez inguratuta egin du manifestazioak Udaletxera bitarteko ibilbidea. Hala ere, ez da liskarrik sortu. Udaletxera iristean, eskaileretan gora zihoazenei bidea ixteko keinua egin dute ertzain batzuek, baina azkenean, utzi diete igotzen. Ekitaldia amaitzeko "salbuespen egoera" salatu du hizlari batek, eta halaber, Eusko Legebiltzarrak onartutako kontsulta "iruzurra" dela. Bertsolari batek kantatu du amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.