Larunbatean Bilbon Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopean eginiko manifestazioaren balorazioa egin du LAB sindikatuak gaur, Donostian. Hainbat eragile politiko eta sindikalek deitu zuten manifestaldira, eta bide horretan sakontzeko eskatu die alderdiei LABek. Sindikatuak uste du badela oinarri sozial nahikoa horretarako, gainera.
Larunbatean defendatutakoa eskubideak direla nabarmendu du, eta gaineratu eragile gehiagok parte hartu behar dutela halako ekintzetan. LABen iritziz, orain eragile politikoei dagokie ekimena hartzea, eta abiatzen diren ekimenekin bat egiteko konpromisoa azaldu du.
Bide horretan, mobilizazioak iragarri ditu sindikatuak. Urtarrilaren 23rako manifestazio batera deitu du; Utzi bakean. Euskal Herriak du hitza eta erabakia lelopean, Donostiako Anoeta estadiotik Espainiako Gobernuak Gipuzkoako hiriburuan duen ordezkaritzara joango dira.
Halaber, hilaren 29rako mobilizazioetara deitu du lantegietan, PPren gobernuak espetxe politika alda dezala eskatzeko.