Bilboko Metroko langileek lau orduko lanuztera deitu dute gaurko, 18:30etik 22:30era. Tarte horretan gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte. Athletic eta Manchester Uniteden arteko partidara joateko eta partidaren ostean itzultzeko zerbitzuetan eragina izan dezake, partida 19:00etan baita. 10 trenetatik hiru egongo dira martxan.
Bilboko Metroko langileen batzordeak —ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuek osatzen dute—asteartean salatu zuen zuzendaritzaren "benetako asmoa metroaren sistema zapuztea" dela.
"Trenetako eta geltokietako zerbitzuak murrizten ari dira, zuzendaritzaren interesen arabera", esan zuten. Egunerokoan tren gutxiago daudela azaldu zuten, ekitaldi bereziak daudenean ez direla tren gehiago jartzen, eta zerbitzuak eskaintzeko "beharrezkoa" den lagunen kopurua gutxitu dutela.
Zuzendaritzari eskatzen diote "gezurrekin eta prentsara egindako isurtzeekin" amaitzeko , eta Bilboko Metroa osatzen duten "guztien profesionaltasuna" defendatzeko.