Foru Jauregian egin dute aurkezpena. Sailburuarekin batera izan da Patxi Sierra-Sesumaga Hirigintza foru diputatua. «Planaren lehen helburua eremu horretan eskualdeen arteko oreka handiagoa lortzea da eta, horretarako, gaur egun dauden egokitasun faltak zuzendu beharko dira».
Arduratuta daude metropolia osatzen dute bost eskualdeen arteko desorekak handiak direlako: «Eskuinaldea bizitoki bihurtuta dago aspaldi, Txorierrin gertatzen ez dena; Ezkerraldeak industria moldatzearekin jarraitzen du oraindik; eta Behe Nerbioiko udalerriak ezin dira hedatu, orografiak ez dielako uzten».
EUSKAL HERRIKO HERRITARREN HERENAK. Planaren garrantziaz ohartarazi dute agintari biek, eraldatuko duen eskualdean bizi baitira ia 900.000 bizkaitar; alegia, Euskal Herri osoan bizi direnen heren bat. Planak irizpideak finkatzen ditu, etxebizitza, ekonomia-jarduera, azpiegiturak edo garraioa bezalako arloetan. Udalerriek muga horien arabera zehaztu beharko dituzte, gero, lekuan lekuko plangintza zehatzak.
Lurralde Plan Partzialaren bidez, lurraldearen zentzuzko erabilera bultzatu nahi dutela azaldu du sailburuak: «Lurralde orekatuagoa, lehiakorragoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa lortzea da gure asmoa». Xede hori lortzeko metropoli-eremuko herritarrentzako bizitokiak, ekonomia-jarduerak, ekipamenduak eta zerbitzuak hobetzen saiatuko dira.Esther Larrañagak zehaztu du, hori bai, planean agertzen diren ekintzak udalerrien harrera-ahalmenak, erabilera bakoitzaren eskaria eta garraio publikoaren eskaintza kontuan izanik zehaztu dituztela.
Dokumentua egiteko ados ipini behar izan dituzte udalerrietako, Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako agintariak. Horrek prozedura asko luzatu badu ere, onerako izan dela aitortu dute. Planaren helburuei dagokienez, metropoliaren ingurune fisikoa babestea eta iraunaraztea, eta haren erabilera iraunkorra sustatzea dela azaldu du Larrañagak. «Horretarako, garrantzi berezia duten balio naturalista, ekologiko, paisajista, zientifiko eta kultural handiko inguruetarako babes-eremuak finkatu ditu».
Zentzu horretan, dokumentuan sare berdea izendatu dutenaren garrantzia azpimarratu du Larrañagak, bertan ondo mugatzen direlako berde-guneak eta herritarrentzako gorde diren aisialdi-eremuak. Horien artean, duten garrantziagatik, Artxandako Parkea eta Uribe-Kostako itsasertzeko parke lineala aipatu ditu.
5.400 HEKTAREA ERABILGARRI. Aintzat hartu behar da Bizkaiko zati horrek guztira 50.800 hektarea baditu ere, erabilgarriak, une honetan, 5.400 baino ez direla. Horrek, agintarien berbetan, baldintzatu egin du planaren diseinua. Lurzoruak antolatzeko irizpideei eta politikei dagokienez, planak hiru motako esku-hartzeak proposatzen ditu bizitokietarako edo ekonomia-jarduerarako: birsortzea da lehenengoa, hau da, hiriguneetan zaharkituta dauden eremuak egokitu eta gaurkotzea; bigarrena, berriz, zenbait eremutan jende gehiago sartzea litzateke, lurzoruaren baliabide urria optimizatzeko; eta azkenik, garapen berriak sustatzea, etxeak egin edo ekonomia-jarduerarako lurzoru berriak hartuz.
Etxebizitza berriak egiteko erronkarekin batera, ekonomia arloaren garrantzia nabarmendu du Larrañagak. Arlo horretan ere lurralde-orekaren irizpidea ezinbestekoa izango dela dio. Argi utzi du, dena den, ezaugarri bereziak dituzten hainbat jarduera leku berezietara eraman beharko direla. Kopuruak kopuru, ekonomia-jardueretarako 540 hektareatik gora daude eremu horretan: Txorierrin (% 56), Ezkerraldean (% 28), Eskuinaldean (% 15) eta Nerbioi Behean (% 1).
Herritarren bizimodua hobetzeko, bizitokia eta lantokia leku berean ipintzeko edo, hori ezin bada, garraio sare publikoaren bidez lotzeko ahalegina egingo dutela agindu du Larrañagak. Garraio azpiegituretan, hortaz, hainbat neurri proposatzen dira Lurralde Planean: bide-sareari dagokionez, ibilgailuentzako bideak udalerrietan hobe integra daitezen sareak lurralde-antolamenduarekin bat egingo duen egitura izango du; trenbide-sarea hobetzeko, tarte asko tranbia-bide bihurtuko dituzte; oinezkoentzako kale gehiago itxiko dira; eta bizikletaren erabilera sustatuko dute.
############
Ez da lekurik egongo familia bakarreko etxe gehiago egiteko
Bizkaian ez da aukerarik izango familia bakarreko etxebizitza gehiago egiteko. Ez behintzat Bilbo eta inguruko 34 udalerrietan, indarrean sartu berri den EAEko Lurzoruen legeak zorroztu egin dituelako etxe berriak egiteko orain arte izan diren irizpideak. Bilbo Metropoliko Lurraldearen Plan Partzialaren zirriborroan behe dentsitateko etxe eremuak sortzeko aukera aipatzen zen arren, ezin izango dira halako gehiago egin.
Amaitu dira, hortaz, hektareako 30 etxebizitza baino gutxiago egiteko planak. Horrek eragin zuzena izango du, besteak beste, Getxoko agintarien asmoengan. Izan ere, Andra Mari auzoan ezin izango dute txalet gehiagorik egin.
Gehienez jota, 88.500 etxebizitza berri egiteko aukera ematen da Jaurlaritzak onartu berri duen planean: alegia, orain arteko plangintzetan aipatzen zirenak baino 40.500 gehiago. Zenbait lekutan jende gehiago sartzeko 15.000 etxe berri egingo dituzte eta besteetan, berriz, bizitoki berriak sortzeko beste 15.000. Azken horietan, hori bai, eraikitakoaren %15ek lantegiak izan beharko dute.
############
«Helburua lurralde orekatuagoa, lehiakorragoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa lortzea da»
ESTHER LARRAÑAGAeusko Jaurlaritzako ingurumen sailburua
############
«Eskualdeen arteko oreka handiagoa lortu nahi dugu. Egokitasun faltak zuzendu beharko dira»
PATXI SIERRA-SESUMAGABIZKAIKO HIRIGINTZA DIPUTATUA
############