1971ko apirilaren 8an egin zuten aurreneko aldiz Herri Ijitoaren Nazioarteko Kongresua, eta harrezkero egun horretan ospatzen dute Ijitoen Nazioarteko Eguna. Euskal Herriko Ijitoen Kontseiluko kide diren elkarteek gaur eman dute hilaren 8rako prestatutako egitarauaren berri, egun hori "pozik eta ilusioz" ospatzeko.
Bilboko Plaza Barria aukeratu dute "kulturen arteko elkarbizitza hobetzen lagunduko duten esperientziak partekatzeko". 10:30etik aurrera haur jolasak egingo dituzte, eta 12:00etan "ibai zeremonia" egingo dute. 14:00etatik aurrera, berriz, herri bazkaria izango da.
Elkarteek gogorarazi dute ijitoek eskubidea dutela ijito herriari zuzendutako planen eta politiken diseinuak egiten dituzten foroetan beren ordezkari propioak izateko, eta entzunak izateko eta beren eskubideak ziurtatuak izateko eskubidea defendatu dute. Halaber, eskerrak eman dizkiete ijito herriak "gizartean dagokion lekua" izan dezan lan egiten dutenei, eta eskua luzatu diete hala egin nahi duten pertsona eta erakunde guztiei.