Bilboko Ibaiondo barrutiak irakaskuntza arloan hainbat gabezia dituela adierazi du Ibaiondo plataformak. Arazoak iturri asko baditu ere, nagusiena biztanleria hazkundearen ondorioz sortutakoa da. Barruti horretako biztanleriak %13 egin du gora azken urteetan. Eta eskola publikoek ez dute matrikulazio eskakizunari erantzuteko nahikoa leku. Egoera horretan daude Miribilla eta San Frantziskoko haur eskolak eta Solokoetxe eta Karmelo eskoletako Bigarren Hezkuntza. Santutxu, Zazpikaleak, Atxuri, Miribilla, San Frantzisko, Bilbo Zaharra, Zabala, San Adrian eta La Peña hartzen ditu Ibaiondok.
Jokin Alberdi Atxuriko guraso elkarteko kideak elkarlanean jarduteko deia egin die erakunde publikoei. «Urteak daramatzagu arazoaz ohartarazten eta irtenbideak eskatzen. Horregatik, administrazioari geure burua eskaintzen diogu». Alberdiren iritziz, auziak irtenbide zaila dauka. Baina larriago bihurtu baino lehen konpondu behar dela erantsi du. «Egoera hobetzeko, arlo bitan lan egin behar da. Batetik, auzoko eraikinak barrutiaren beharretara moldatuz. Bestetik, etorkinen gizarteratzea landuz eta ikasleen euskalduntzea bermatzen duen eskola publikoa eraikiz».
Langileen elkarretaratzea
Hezkuntza publikoan egingo dituzten murrizketak salatzeko, elkarretaratzea egin zuten Arratzuko (Bizkaia) Barrutialde institutuko langileek atzo goizean. Otsailaren 7ko jolas ordurako ere egin dute deialdia. Otsailaren 9an, berriz, geldialdia egiteko asmoa dute institutuko langileek.
Bilboko sare publikoa lekurik gabe dagoela ohartarazi dute
Ibaiondo plataformak elkarlanean jarduteko eskatu die erakunde publikoei, arazoa konpontzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu