GLOBAL FORUM SPAIN

Bilboko Udalak atzoko istiluak gaitzetsi ditu

Bilduk salatu du gainerako taldeen testua "partziala" dela. 100.000 euroko kalteak eragin zituzten atzoko liskarretan, Bilboko Udalaren arabera.

jon olano
2014ko martxoaren 4a
08:35
Entzun

Guggenheim museoan agintari politiko eta ekonomiko ugarik eginiko bileraren eta bilkura haren kontrako protestetan izandako istiluen biharamuna da gaur Bilbon. Udalak zenbatu duenez, 100.000 euro inguruko kalteak eragin zituzten liskarretan parte hartu zutenek.

Jose Luis Sabas Lan eta Zerbitzu zinegotziak eta Tomas del Hierro Segurtasun zinegotziak agerraldi bat egin dute, atzoko kalteen zenbatekoaren berri emateko. Azaldu dutenez, 21 banketxeri eta hemeretzi saltokiri egin zieten eraso, eta hamazazpi zaborrontzi erre zituzten. Horrez gain, sei markesina hautsi eta Udaltzaingoaren furgoneta bat irauli zuten. Del Hierrok gaineratu du atxilotu guztiak euskal herritarrak direla.

Atzoko gertakariak gaitzetsi ditu Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. EAJk, PSE-EEk eta PPk izenpetu dute testua, eta bertan azaldu dute atzoko liskarrak Bilbok bere historian jasandako "indarkeria eta bandalismo eraso bortitz eta larrienetakoak" izan zirela.

Bilduk, berriz, ez du bat egin adierazpenarekin, iritzita testua "partziala" dela eta atzo Bilbon gertatutakoaren parte bati egiten diola erreferentzia. Istiluei "garrantzia kendu gabe", garrantzitsuena da, EH Bilduko zinegotzi Aitziber Ibaibarriagaren ustez, troika etorri zela "herritarrengan miseria sortzen duten politiketan sakondu behar dela esatera". Udaleko Bozeramaileen Batzordean adostutako testua izenpetu ez badu ere, EH Bildu koalizioak ohar bidez adierazi du atzoko gertaeretatik "aldentzen" dela eta "arbuiatu" egiten dituela.

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du Ertzaintzaren lanari esker saihestu zela hiriak "sutan" amaitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.