Eraso sexistak

Bilboko Udalak eta konpartsek eraso sexisten aurkako protokolo bateratua osatu dute

Ez beti da ez kanpaina aurkeztu dute elkarlanean, eta merkatarien elkarteek ere parte hartu dute. Jaietan informazio puntua jarriko dute, eta 5.000 gida banatuko dituzte.

Pascual, Aburto eta Urtasun, gainerako eragileekin, protokoloaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
2016ko abuztuaren 18a
13:36
Entzun

Bilbo osoko 900 denda eta ostalaritza lokalek erasoen aurkako protokoloarekin bat egin dute. Informazio puntua jaietako arratsalde guztietan egongo da zabalik Areatzan. Banatuko diren gidetan, eraso sexistak identifikatzeko gakoak, jokamolde egokiak, eta erasoen aurrean eman beharreko erantzuna azaltzen dira. Udaleko laguntzarako zerbitzuen telefonoak ere martxan egongo dira une oro. Txapak, kartelak eta txartelak ere banatu dituzte Marijaiaren irudiarekin: erasoak gaitzesteko eskua zabalik du, eta irribarrearen ordez, aurpegi iluna. Keinu horrekin aurkeztu dute eragile guztiek Ez beti da ez kanpaina, berdintasunezko jaiak lortzeko helburuarekin.

Bilboko Konpartsen izenean aritu da Oihana Pascual: "Pozten gaitu mezu irmo eta garbiarekin bat egiteak". Konpartsak eta Bilboko Udaleko Berdintasun Saila urte osoan elkarrekin aritu dira jaigune askea eraikitzeko eman beharreko pausoak identifikatu eta lantzen. Ideia garbi bat zabaldu nahi dute: "Erasotzaileek ez dute lekurik gure jaietan, sobran daude; ez gara nekatuko errepikatzeaz". Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak ere azpimarratu du denak ez duela balio. 

Errespetua, salaketa eta laguntza

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere egon da agerraldian, eraso sexisten aurka parte hartzeko eskatzeko eta bere konpromisoa agertzeko. Bilboko emakumeen autoestimu eta duintasunari garrantzia eman dio, eta esan du gizartearen eta legeen arbuioa merezi dutela erasotzaile eta konplizeek. Aburtoren ustez, emakumeen ideia eta gorputzek errespetua behar dute; erasoa pairatzen dutenek eta lekukoek erasoa salatu behar dute; eta udaleko zerbitzuek eta herritarrek laguntzeko prest egon behar dute. "Ez zaudete bakarrik" esan die erasotuei, eta arazoa "denon artean" konpondu beharraz mintzatu da.

Azken urteetan mugimendu feministak eta gizarte eragileek egindako lana ere azpimarratu du Urtasunek. Eraso sexisten aurka gero eta gehiago direla ziurtatu du, gizartean kontzientzia zabaltzen dela. Halere, esan du jaietako erasoak "izozmendiaren punta" besterik ez direla. Horregatik, aldarrikapena zabaltzeaz eta erasoak identifikatu eta haiei erantzuteko pertsona guztiek duten arduraz aritu dira. Pascual ados dago: "Gure esku dago aktibo izatea, jaiak erasorik gabekoa izatea bermatzea".

Mugimendu feministaren protokoloa, bihar

Bilboko Mugimendu Feministak, berriz, Aste Nagusian  gerta daitezkeen eraso sexisten aurrean izango duten jarrera eta kolektiboki emango duten erantzuna biltzen dituen protokoloa diseinatu du. Bihar aurkeztuko dute,  10:00etan, Unamuno plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.