Hilketa

Bilboko Udalari segurtasuna bermatzeko eskatu diote Otxarkoagako auzotarrek

Ostegunean senar-emazteak beren etxean hil eta gero, ehunka herritarrek manifestazio bat egin dute, erakunde publikoei neurriak eskatzeko. Han izan dira udaleko ordezkariak ere, alkatea tartean. Bilboko Udalak polizia gehiago hitzeman ditu kalerako.

Manifestazioaren une bat, Otxarkoagako kaleetan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko urtarrilaren 19a
20:43
Entzun

Otxarkoagako Kepa Enbeita plazan egin dute elkarretaratzea, 20:00etatik aurrera. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Itziar Urtasun eta Nekane Alonso zinegotziak ere ekitaldian izan dira. "Isun gutxiago, neurri gehiago!" buila egin dute manifestariek, udal ordezkarien aurrean, eta Bilboko alkatea kritikatu ere egin dute.

Ostegunean 87 urteko senar-emazte batzuk hil zituzten Otxarkoagan, beren etxean. Ertzaintzaren hipotesia da lapurretan sartu zitzaizkiela etxean, eta han hil zituztela. Indarkeria zantzuak zituzten bien gorpuek. Gertakariek haserre handia eragin dute auzoan, eta bizilagun talde batek antolatu du protesta, ostiral iluntze honetarako.

Otxarkoaga ere mugitzen da. Aski da idatzia zuen pankarta batekin abiatu dira bizilagunak. Auzotik itzulia egin dute, eta hildako senar-emazteen etxe ataritik pasatu direnean minutu bateko isilunea gorde dute. Antolatzaileetako batek errespetua edukitzeko eskatu du momentu horretan.

Atzera, Kepa Enbeita plazara itzuli da martxa, eta han bukatu da protesta. Tarteka alkatearen aurkako oihu eta irain batzuk ere entzun dira, baina bestela zaintza gehiago, udaltzainen presentzia handiagoa eta segurtasuna handitzeko builak egin dituzte.

Manifestari bakan batzuek "Laguntza gutxiago, esku gogor gehiago" ere eskatu dute. Baina besteren batek ijito herriaren bandera ere eraman du eskuetan, agerian jarrita.

Protestaren bozeramaileen mezua neurritsuagoa izan da; auzoan segurtasuna handitzeko neurriak eskatu dizkiete erakunde publikoei.

Polizia gehiago

Hain justu, goizean hitz egin du Juan Mari Aburto alkateak, eta iragarri du kaleetan polizia gehiago jarriko dituela. Bilbon segurtasun faltarik dagoela ukatu du, eta ziurtatu du segurtasuna bermatzeko ari direla lanean udal agintariak.

Eusko Jaularitzako ordezkariekin bilera egin dute udal ordezkariek goizean. Segurtasun Planaren zirriborroa aurkeztu du alkateak. 25 puntu jasotzen ditu dokumentuak eta, besteak beste, Ertzainek eta udaltzainek elkarlana hobetzea da asmoetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.