Bilbokoa eraso homofoboa izan zela uste du Ertzaintzak

E-28 Koordinakundeak elkartasuna adierazi die igande gauerdian labanaz eraso zieten bi gazteei

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Ertzaintzaren lehen ikerketen arabera, igande goizaldean bi gaztek Bilbon jasandakoa eraso homofoboa izan zen. E-28 Koordinakundeak gertaera salatu du -homosexualen, lesbianen, transexualen eta bisexualen eskubideen alde lanean ari diren Bizkaiko elkarteak biltzen ditu: EGHAM, Bizigay, Euskal Hartzak, Aldarte, MDM eta Hegoak-, eta ohartarazi du eraso horiek ugarituz joan direla azken hilabeteetan. «Kezkatzekoa da gertatzen ari dena, eta dei egiten diogu gizarteari eraso horien inguruan adi egon dadin, eta homofobiaren aurka modu aktiboan borroka dadin».

Gauerdi inguruan izan zen eraso, Bilboko Begoña auzoan. Zauritutako bi gazteak Mallona Bidarriak kaleko igogailu publikoaren ondoan zeuden. Lau gazte bertaratu zitzaizkien, eta eztabaidan hasi ziren. Ustez, lauretako batek bi gazteak jo zituen, eta, gero, labanarekin eraso zien. Bati zauri larriak egin zizkion sabelean, eta bestea bizkarrean zauritu zuen. Ustezko erasotzaileek ihesari ekin zioten, eta arinen zaurituta zegoen gazteak Ertzaintzara deitu zuen. Handik gutxira, Ertzaintzak ustezko erasotzaileetako atxilotu zituen alde zaharrean. Igande eguerdian, berriz, beste adingabe bat atxilotu zuten, erasoarekin zerikusia zuelakoan. Azken horri labankadak ematea egozten diote. Beste hirurei ere erasoan parte hartzea leporatzen diete. Adingabeak dira guztiak.

E-28 Koordinakudeak elkartasuna adierazi die erasoa jasan duten bi gazteei, eta gogorarazi du oraindik ere jarrera homofoboak daudela Euskal Herrian: «Homofobia horrek ez du laguntzen bizitza estilo eta desio diferenteak dituztenen arteko elkarbizitza». Halaber, horren aurka lan egiteko konpromisoa berretsi du. «Norberak bere sexualitatea aske bizitzeko eskubidea du, eta hori gizarte justuago eta berdintzaileago baten aldeko borrokaren barruan kokatzen dugu».

Aralarrek ere gertatutakoa salatu du. «Ulertezina da XXI. mendean nola gerta daitekeeen pertsona batek erasoa jasatea bere hautu sexualengatik. Dei egiten diegu erakundeei era horretako eraso gehiago izan ez dadin lan egiteko».

Hori dela eta, Aralarrek hainbat galdera erregistratu ditu legebiltzarrean. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuarentzat dira, eta, besteak beste, hau argitu nahi du Aralarrek: zenbat salaketa erregistratu diren, zein irizpide dauden eraso homofoboak sailkatzeko, eta gai horren inguruan ertzainek duten prestakuntza zein den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.