Elikadura burujabetza izan da aurtengo martxaren zutabeetako bat. Euskal Herriko azken etapan, ereite kolektiboa egin dute Moyua plazan bertan. Horrez gain, beste hamaika aldarrikapen elkartu dituzte. Hala nola, zaintza lanak egiten dituzten emakumeen egoera salatu dute. Zerbitzu horiek kudeatzen dituzten enpresak "banpiro" gisa definitu, eta erakunde publikoei gai horri heltzeko eskatu diete.
Duela sei hilabete hasi zuten Kurdistanen aurtengo Emakumeen Mundu Martxa. Astelehenean Tafallatik sartu zen Euskal Herrira. Astebetean hamaika herri zeharkatu ditu karabana feministak. Igandeko ekitaldiekin bukaera eman diote Euskal Herriko zatiari. Baina martxak Galizian eta Portugalen jarraituko du.