Sorturen legeztatze prozesua

Bilbon apirilaren 2rako manifestazio bat antolatu du Gernikako Akordioak

'Euskal Herriarentzat normalizazioa. Legalizazioa orain!' lelotzat hartuta erantzungo diote Sorturen aurkako epaiari«Estatuak bake eta normalizazio prozesua zapuztu» nahi duela diote sinatzaileek

Gernikako Akordioa sinatu zuten alderdi, sindikatu eta gizarte eragileetako ordezkaritza, atzo, Bilbon egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu alderdi gisa erregistratzeari ezezkoa eman izanak euskal gizartean «ezinegona» eragin duela sinetsita, elkartu eta erantzun bateratua emateko beharra ikusi dute Gernikako Akordioa sinatu zuten alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileek. «Legalizazioa eta jarduera politiko guztien normalizazioa nahi dituen gizarteari» bozgorailua ematea erabaki dute. Nazio manifestazioa antolatzea. Hurrengo larunbaterako antolatu dute protesta Bilbon. Casillatik aterako da martxa apirilaren 2ko 17:30ean, Euskal Herriarentzat normalizazioa. Legalizazioa orain! lelopean.

Aralarreko Josu Murgiak eta Alternatibako Amaia Agirresarobek irakurri dute hedabideen aurrean Gernikako Akordioaren sinatzaile guztiek adostutako idazkia, eragile horietako25 bat ordezkari alboan dituztela. «Sortu ez legeztatzeak Espainiako Estatuak euskal herritarren oinarrizko eskubide zibil eta politiko guztiekiko duen begirune eskasa berrio agerian utzi du», salatu dute. Eta, haien ustez, «bake eta normalizazio politikoa izango duen agertoki baterako bidean» giza eskubideak oinarri direnez, eskubide zibil eta politiko guztiei begirunea izatea«ezinbestekoa» dela ohartarazi dute.

Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak Espainiako Estatuak «heldutasun demokratiko eskasa» duela erakutsi du «berriro ere», sinatzaileen ustez. Horren ordez, «legeztatzea eta jarduera politiko guztien normalizazioa kontrapartida politikorik gabe» eman behar dituela ohartarazi dute.

Ez da gertaera bakartua

Sortu ez legeztatzea erabakita, «Euskal Herrian abian dagoen bake eta normalizazio prozesua zapuztu» nahi dutela seguru daude Gernikako Akordioak biltzen dituen eragileak. «Ez dugu zalantzarik». Auzitegi Gorenaren erabakia, gainera, «ez da uharte bat ozeano zabalean», adierazi dute. Espainiako Estatuak azken hilabeteetan Euskal Herrian «oinarrizko eskubideen aurkako jarduera latzak kateatu» dituela salatu dute, «tortura kasu lazgarriak» adibide jarrita. «Ez du izan jarrera irekia, eta ez da gatazka konpontzeko prest agertu, guztiz kontrakoa baizik», ondorioztatu dute.

Euskal gizarteak, ordea, bake eta normalizazio agertokia nahi duela eta Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialak ere eskaera horrekin bat egiten duela badakitela diote, besteak beste ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta ABk izenpetu duten akordioaren sinatzaileek.

«Etsipenaren zama astuna»

Estatuak egin dituen «eskubideen aurkako jardueren» helburua, beraz, etsipena eragitea dela uste dute dozenaka eragileetako ordezkariek; «euskal gizartearen gainean etsipen zama astuna utzi nahi duela».

Baina prozesuaren «motorra» euskal gizartea dela nabarmendu dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek. «Berari eta bakarrik berari dagokio prozesu honetako protagonismo guztia».

Herritarrei eman nahi diete, hortaz, protagonismoa. Bake eta normalizaziorako prozesuaren bultzatzaile haiek izan daitezela nahi dute. Eta, eragileak berak horretan laguntzeko prest agertu dira: «Gure lana jende horren mesedetan tresnak jartzea da, prozesuaren barruan dagokion protagonismoa har dezan tresnak eskaintzea».

Eta horretarako konpromisoa hartu dute. Bake eta normalizazio agertokira iristeko ibilbideak «luze» joko duela ohartarazi ondoren, bide hori egiteko «tresna berriak eskaintzeko konpromisoa» hartu dute.

Baliabide horiek mahai gainean jartzeko lanean jarraituko dutela azaldu dute, Sortu alderdi politikoen erregistroan onartu ez izanaren aurkako ekimena aurkezteko agerraldian. Proposatutako martxa berritzailea izan ez arren «etsipen oro gaindituz bidea egiten segitzeko» balio duela uste dute antolatzaileek. Horregatik egin diete apirilaren 2an Bilbora joateko deia herritar guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.