Politika

Bilbon atxilotutako gazteetako bat eraman dute epailearen aurrera

Bi lagun atxilotu zituen atzo Ertzaintzak Bilbon. Kale erasoak gertatu eta gero hartu zituzten preso eta gaur goizean Ertzaintzaren esku zeuden oraindik. Bi gazteetako bat epailearen aurretik pasa da arratsaldean. =iHaika-Segi auzia=iren epaien aurkako helegiteak datorren ostegunean aztertuko ditu Espainiako Auzitegi Gorenak. Hori salatzeko Segik atzo egin zuen manifestazioaren aurka oldartu zen Ertzaintza. Ondorengo istiluetan atxilotu zituzten bi lagunak.

2006ko azaroaren 11
18:50
Entzun
Gazte horietako bat, Sestaoko 18 urteko gaztea Bilboko udaltzainek atxilotu zuten eta ondoren Ertzaintzaren esku utzi. Dirudienez, arratsaldean eraman dute Bilboko goardiako epaitegira, "desordena publikoa eta atentatua" burutze leporatzen diote.

Bigarren atxilotua, Galdakaoko 17 urteko gaztea, adin txikiko Fiskaltzak hartzen duen erabakiaren zain dago.

Europa Press albiste agentziak Eusko Jaurlaritzako iturriak aipatuz zabaldu duenez, bi lagunak "bi udaltzaini eraso egin ostean atxilotu zituzten" eta gaur goizean Ertzaintzaren esku jarraitzen zuten.

Albiste agentziaren arabera, kaputxasun talde batek bi udaltzaini egin zieten eraso bart Bilboko Unamuno plazan botiltzarra egiten ari ote ziren ala ez zaintzen ari ziren bitartean. Erasoan, udaltzainetako bati erregaia bota omen zioten goitik behera. Beste bi udaltzainen eta inguruko tabernetako jendearen esku hartzeari esker, ez zuten udaltzainari su ematea lortu.

Bigarren udaltzainari, berriz, autobabeserako esprai batekin egin ei zioten eraso. Albiste agentzien arabera, erasoaren ondoren, kaputxadunek molotov koktelak jaurti zituzten udaltzainen auto baten eta kutxa baten aurka.

Segik egindako manifestazioaren aurka oldartu da Ertzaintza Bilbon

Ostegunean Espainiako Auzitegi Gorenak Haika-Segi auziaren epaien aurkako helegiteak aztertuko dituela salatzeko manifestazioa egin zuten atzo Bilbon 400 lagunek. Manifestariak Guggenheimetik abiatu, eta PSE-EEren egoitzaren aurrera zuzendu ziren, baina iritsi baino metro batzuk lehenago, Ertzaintza oldartu egin zitzaien. Gazte bat hormaren kontra izan zuten hiru ordu laurdenez. Identifikatu, eta aske utzi zuten gero. Gero Ertzainek gazte bat atxilotu zuten eta udaltzainek 18 urteko sestaoar bat. Azken hori erietxera eraman behar izan zuten jasotako kolpeen ondorioz.

Geroago, manifestazioaren debekua eta Ertzaintzaren oldartzea salatzeko beste manifestazio bat egin zuten Plaza Biribiletik Zazpikaleetaraino, eta Arriaga aurrean bidea moztu zuten bost minutuz. Gazte batzuek zabor edukiontziak gurutzatu eta su eman zieten Zazpikaleetan.

Segik «EAJren ertzainen» jarrera salatu du. «Gaur ere nabarmen geratu da zein den haien nahia: manifestazioak galarazi, eta gazteak jipoitu eta atxilotzea».

Ostegunean Auzitegi Gorenean egingo den bistan AVTk eta defentsak aurkezturiko helegiteak aztertuko dituzte. Ondoren erabakiko da zein den Haika-Segi auzian epaitutakoen behin betiko epaia. «Gazte erakundearen proiektu politikoa desagertarazi nahi dute, baina ez dute lortuko», azaldu du Segik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.