genero indarkeria

Bilbon bi gizonezko atxilotu dituzte, bikotekideak jo dituztelakoan

Gasteizen gizon bat atzeman zuten larunbatean, ustez haren pisukidea jo zuelako.

2012ko apirilaren 30a
13:20
Entzun

Ertzaintzak 25 eta 33 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Bilbon, haien bikotekideak jo dituztelakoan. Hala jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.

Ustezko lehen erasoa atzo 23:00ak aldera izan zen, iturri beraren arabera. Dei bat jaso zuten Ibarrekolanda auzoko etxebizitza batean gizonezko batek haren bikotekideari eraso egin ziola esanez.

Ertzainak bertaratu zirenean emakumezkoak onartu zuen bikotekideak eraso eta mehatxu egin ziola, eta beste hainbat alditan ere jo izan diola azaldu zuen. 25 urte ditu atxilotutakoak.

Ustezko beste erasoa 04:00 aldera gertatu da, Bolueta inguruan. Iturri beraren arabera, ertzainak erasoaren lekuko izan dira, eta emakumezkoa lagundu ondoren, 30 urteko gizonezkoa atxilotu dute.

Gasteizen 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, haren pisukidea jo zuelakoan. Ustezko erasoa 14:50ak aldera izan zen, eta bizilagun batek eman zuen abisua. Emakumezkoak zauri bat zuen buruan. Atxilotutakoa gaur eramango dute epailearen aurrera.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.