25 urteko emakume bat bortxatu zuen gizon batek atzo arratsaldean, Bilbon. Emakumea gizarte hezitzailea da, eta lanean ari zen eraso egin zionean. Gizonak behatz bat moztu eta hainbat zauri egin zizkion emakumeari. Etxebizitza batean izan zen erasoa; gizonak alde egin zuenean, bertatik irten eta bizilagun bati laguntza eskatzea lortu zuen emakumeak; horrek larrialdi zerbitzuetara deitu zuen, eta anbulatzia batean erietxera eraman zuten.
Deustu auzoko hainbat bizilaguni ere eraso egin zien gizonak. Horren berri eman zioten hainbat bizilagunek Ertzaintzari: jakinarazi zioten kalean borroka bat ikusi zutela eta hainbat herritar odoletan zeudela. Ertzainak bertaratu zirenean gizona atxilo eraman zuten.
Bortxaketa salatzeko, 18:30ean elkarretaratzea egingo dute gaur, San Pedro plazan. Pare Deustuko Gazte Talde Feministak antolatu du protesta, eta feministek jakinarazi dute horrelako erasoen aurrean Pare eta mugimendu feministak ez direla "isilduko". Nabarmendu dute "eraso eta indarkeria sexistei" aurre egiteko eta patriarkatua "suntsitzeko" autodefentsa feminista dela euren bidea.