Bilbon gazte bat oso larri zauritu dute labanaz

Ertzaintzak ustezko lau erasotzaileak atxilotu ditu, adingabeak guztiak; beste zaurituak sendagiria jaso du

Erredakzioa
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Igande gauean Bilbon bi gazte labanarekin zauritu zituzten, eta horietako bat oso larri dago, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Sabelean egin zioten zauria, eta Basurtuko ospitalera eraman zuten. Harekin zihoan lagunak atzo goizean jaso zuen sendagiria. Ertzaintzak ustezko lau erasotzaileak atxilotu ditu, laurak adingabeak. Azkena atzo eguerdian atzeman zuen, eta honi leporatzen dio labanarekin eraso egin izana.

Erasoa igandean gertatu zen, gauerdi inguruan, Bilboko Begoña auzoan. Zauritutako bi gazteak Mallona Bidarriak kalean zeuden, igogailu publiko baten ondoan. Lau gazte joan zitzaizkien, eta eztabaidan hasi ziren. Herrizaingo Sailaren arabera, lauretako batek bi gazteak jo zituen, eta, ondoren, labanarekin egin zien eraso. Bata, larriena, sabelean zauritu zuen, eta bestea, berriz, bizkarrean. Ustezko erasotzaileek ihesari eman zioten, eta bizkarrean zauritu zuten gazteak atzetik jarraitu zituen, Herrizaingo Sailak helarazitako informazioaren arabera.

Ustezko erasotzaileek Areatza ingurura egin zuten ihesi, eta jazarka zuten gazteak Ertzaintzari hots egin zion. Handik gutxira, ustezko erasotzaileetako hiru atxilotu zituen Ertzaintzak Santa Maria kalean, Bilboko Alde Zaharrean. Herrizaingo Sailak dioenez, ertzainen beste patruila batek sabelean zauritutako gaztea aurkitu zuen erasoa gertatutako lekuan bertan, eta anbulantziari dei egin zion. Bi biktimak Basurtuko ospitalera eraman zituzten.

Igande gauerdian bertan atxilotutako hiru gazteak, 16 eta 15 urtekoak, Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi zituen Ertzaintzak atzo goizean. Erasoan parte hartzea leporatzen die Poliziak. Atzo eguerdian laugarren gaztea atzeman zuen, 17 urtekoa. Labankadak ematea egozten dio horri. Erasoa zerk eragin zuen ikertzen ari da Ertzaintza.

Sutea Basurtu auzoan

Igande gauean, Bilboko Basurtu auzoko lurrazpiko garaje batean piztutako suteak kalte materia handiak eragin ditu. Besteak beste, han zeuden hainbat auto kiskali zituen. 22:30 aldera piztu zen sua, Masustegi estratan. Hura amatatzera bertaratutako suhiltzaile batzuek oxigeno bidezko laguntza behar izan zuten, garajeak hartutako tenperatura handiaren ondorioz. Bizilagun bat ere artatu behar izan zuten osasun langileek, kea arnasteagatik. Suhiltzaileek ordu batzuk behar izan zituzten sutea erabat amatatzeko. Ez dute zehaztu zerk eragin zuen sutea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.