45 urteko gizonezko bat atxilotu dute gauerdian Bilbon, bikotekidea jo eta elkarrekin bizi ziren etxebizitzako gela batean giltzatua izan duelakoan.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi du Atxuri auzoko etxebizitza batean izan dela ustezko erasoa. Ustezko biktimak Ertzaintzari deitu dio, eta ertzainek, hara joan direnean, emakumea gelatik ateratzea lortu dute —ordubete inguru igaro du giltzatuta—.
Emakumea Basurtuko ospitalera (Bizkaia) eraman dute, aurpegian eta bizkarrean zituen hainbat zauri artatzeko.
Gaur goizaldean Ertzaintzak 29 urteko gizonezko bat atxilotu du Barakaldon (Bizkaia), ustez bikotekideari eraso egin eta sakelako telefonoa lapurtu diolako.