Bilbon pertsona bat hil eta beste sei zauritu zituen gizona espetxera igorri du epaileak

Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Epaileak espetxeratu egin du astelehenean Bilbon, Santutxu auzoan, labankadaz pertsona bat hil eta beste sei zauritu zituen erasotzailea. Hasiera batean Basurtuko psikiatria gunean ingresatu zuten, baina herenegundik polizia etxean zegoen. Azkenean, atzo deklaratu zuen epailearen aurrean.

Astelehen goizean izan zen erasoa. 31 urteko gizon batek zazpi pertsona sastakatu zituen. Zaurien ondorioz, Kepa Mallea Olaetxea 65 urteko irakasle ohia zendu zen. Erasoan beste lau andre eta bi gizon zauritu ziren. Gizonek zauri arinak zituzten, eta astelehenean bertan eman zieten senda-agiria. Emakumeak, aldiz, Basurtuko eta Gurutzetako erietxera eraman zituzten. Osakidetzak asteartean eman zuen haien osasun egoerari buruzko azken informazioa. Azaldu zuten oraindik ospitalean zeudela, eta horietako hiru, egoera larrian.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek herenegun jakitera eman zuenez, erasotzaileari egin zizkioten azterketen arabera, «erabat erotutako pertsona bat» da, baina ez zuen zehaztu zer arazo zuen. Aresek berretsi zuen ez zuela aurrekari «larririk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.